Aratosteetako mozorro lehiaketa

2017/02/24
Mozorro lehiaketa antolatu dute antolatzaileek aratosteetako larunbateko mozorro egunerako; "Musika" izango da aurtengo mozorroetarako gaia.

Urtetik urtera indarra hartzen ari da herrian aratosteetako zapatuko mozorro eguna.

Azken urteetan moduan, aurten ere konpartsa mailako mozorro-lehiaketa antolatu dute antolatzaileek; baita tabernarik onena saritzeko lehiaketa ere.

Iaz bezala, photocalla jarriko da Kontzejupean eta bertan erretratua ateratzeko aukera izango dute konpartsa mailako lehiaketako parte-hartzaileek.

Antolatzaileek, iaz lehiaketaren epaiak sortu zuen ika-mika kontuan izanik, hobeto antolatu nahi izan dute lehiaketa eta oinarri zehatzak sortu dituzte horretarako, parte hartzaileek epaimahaiak baloratuko duena zer izango den jakin dezaten.

Hauek dira aurtengo lehiaketarako oinarriak:

Aratosteetako mozorro lehiaketaren aurtengo gaia “MUSIKA” izango da.

Parte hartzeko modalitate bakarra egongo da: taldeka.

Lehiaketan parte hartzeko beharrezkoa izango da otsailaren 25ean, eguerdiko 1etik gaueko 9etara udaletxe azpian jarriko den photocall-ean argazkia atera eta 605706086 whatsApp zenbakira bidaltzea.

Saria emateko orduan, epaimahaiak honako hauek edukiko ditu kontuan: Erakutsitako umorea; Sortzen duten giroa; Originaltasuna; Janzkera; Eszenografia; Lehiaketaren gaiarekin duen lotura.

Epaimahaia Aratosteetako Batzordeak izendatutako 3 pertsonak osatuko dute. Epaimahaiak emandako puntuazioak %60ko pisua izango du puntuazio orokorrean.

Epaimahaiaren puntuazioa herritarrek “Plaentxia.eus” atarian emandako puntuekin osatuko da. Azken honek %40ko pisua izango du puntuazio orokorrean. Herritarrek igandeko 14:00etatik asteleheneko 24:00etara eman ahal izango dute botoa.

Sariak: 1. Sailkatua: 150 euro; 2. Sailkatua: 100 euro; 3. Sailkatua: 50 euro.

Sari-banaketa asteartean egingo da, arratsaldeko 8etan, karpako dantzaldiaren atsedenaldian.

Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da.

Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzen direla esan nahi du.

Sor litezkeen zalantza zein ezustekoei erantzuna ematea antolatzaileen esku egongo da.

Tabernarik onenari dagokion saria ere astearte arratsaldean emango da. Kasu honetan, epaimahaiaren botuak bakarrik hartuko dira kontuan. Ondoen jantzitako tabernak 100 euroko saria jasoko du.