Badatoz Soraluzeko Aratosteak!

Badatoz Soraluzeko Aratosteak!

2017/01/23
Musika izango da otsaileko azken asteburuan ospatuko diren aratosteetako larunbateko mozorro egunerako antolatzaileek aukeratu duten gaia, eta mozorrotzera deitu dituzte herritarrak.

Otsailaren 24, 25 eta 28an ospatuko dira aurten Soraluzeko Aratosteak.

Aurtengo aratosteetako jai-egitaraua prestatzen diharduen lan-taldeak MUSIKA aukeratu du Aratoste Zapatuko mozorro egunerako gai modura eta gai horren bueltan mozorrotzera deitu ditu herritarrak, bai eta, urteroko moduan, konpartsarik onenak saritzeko lehiaketa antolatu ere.

Iazkoan hainbat arazo izan zirenaren jakitun, aurten oinarri argiagoak izango ditu lehiaketak eta herritarren bozka kontuan hartuko bada ere, honen eragina iazkoa baino txikiagoa izango da, beren beregi lehiaketarako osatutako epaimahaiaren iritziak izango baitu pisurik handiena.

Aratosteetako egitarauak, gainontzean, azken urteetako bideari jarraituko dio. Ostiralean (Otsailak 24) euskal aratosteen eguna izango da, larunbatean (Otsailak 25) arestian aipatutako mozorro-eguna eta asteartean (Otsailak 28) haurren play-back edo dantza lehiaketa. Horretaz gain, ez dira faltako, Plaza Zaharreko karpan, ohikoak diren dantzaldiak.