Diputatu Nagusiaren bisita

2017/06/26
Aldundiak errotonda bat egingo du herriko sarbidea hobetzeko eta trafikoa arintzeko; futbol zelairako bideko argiteria hobetzera ere konprometitu da, oinezkoen segurtasuna hobetzeko.

Diputatu nagusi Markel Olanok bisita bat egin zuen joan zen ostegunean Soraluzera, eta iragarri zuen laster errotonda bat eraikiko dela, herrirako sarrera-irteerak hobetzeko eta zirkulazioa arintzeko. Diputatu nagusiak esan zuen obrak irailean egiten hasiko direla eta urte amaiera aldean bukatuko direla, lau hilabeteko epea izango baitute, inbertsioa 465.235,26 eurokoa izango delarik. Bai diputatu nagusiak bai herriko alkate Iker Aldazabalek azpimarratu zuten errotondak zeregin garrantzitsua izango duela, izan ere “nabarmen erraztuko ditu herriko sarbideak, Soraluzeko hegoaldera GI-627 errepidetik bertatik iritsi ahal izango baita, herri osoa zeharkatu beharrik izan gabe”.

Bide Azpiegituren diputatu Aintzane Oiarbidek eman zituen azalpen zehatzak proiektuari buruz eta, Ogasuneko foru diputatu Jabier Larrañaga ere izan zen bisitan, adierazi zuen 36 metroko diametroa izango duela errotondak eta GI-627 errepidearen 51,980 puntu kilometrikoan, Hirukurutzeta deiturikoa, eraikiko dela. Oiarbidek azaldu zuenez, GI-627 errepidearen Soraluzeko hegoaldeko saihesbidea, gaur egun, erdi-lotune gisa erabiltzen da, bi adar bakarrik baititu: Bergaratik Soraluzerako sarrera eta Bergara alderako irteera. Horregatik, iparraldetik datozen ibilgailuek (Maltzagatik) eta udalerriaren hegoalderantz joan nahi dutenek bi aukera dituzte gaur: hirigune osoa zeharkatzea edo GI-627 errepidetik jarraitzea Mendizabal industrialderaino eta han norabidez aldatu. Gauza bera gertatzen da hirigunearen hegoaldetik datozen eta iparralderantz (Maltzaga) doazen ibilgailuekin. Alkateak ziurtatu du errotondak egoera arrunt aldatuko duela eta sarbideak errazteaz gainera Soraluze barneko trafikoa arinduko duela. Gainera, azpimarratu du hauxe dela iaz onartu zen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreikusitakoetan egiten lehena.

Errontonda berriren proiektua IKUSI.

Hobekuntzak argiterian

Foru Aldundiko eta Udaleko ordezkariek egin zuten lansaioan, aztertu zen, baita ere, udalerriaren eskari historiko bat: Ezozia futbol zelaira doan bideko argiteria hobetzea.

Alkateak azaldu zuen gaur egun ez dagoela argiteriarik, 350 metrokoa den tarte horretan. Bidean gazte asko ibiltzen dira, entrenamenduetara joan-etorrian, eta argi faltak oso kezkatuta eduki dtuela bai udala bai auzotarrak.

Arazoa konpontzeari begira, diputatu nagusia konprometitu zen azterketa bat egitera, bidean argiteria lehenbailehen jarri ahal izateko. “Oso ondo ulertu dugu egoera eta inguru horretan segurtasuna bermatzeko soluzioa azkar bilatzera konprometitu gara", adierazi zuen.