Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza

2016/06/03
Foru Aldundiak Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzaren (AGI) inguruan hartu dituen erabakien berri eman du Udaleko Gizarte Ongizatearen Batzordeburuak.

INFORMAZIO OHARRA

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak hainbat neurri onartu zituen 2016ko apirilaren 12an Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntzaren (DSBL / AGI) inguruan. Eta Soraluzeko Udalak horien berri eman nahi dizue ohar honen bidez:

Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntzaren eskaera berriak aurkezteko azken eguna 2016ko ekainaren 30a izango da. Uztailaren 1etik aurrera ez da eskaera gehiago onartuko ezta bideratuko ere.

2016ko ekainaren 30ean laguntzaren onuradun diren pertsonen prestazio-eskubidea bere horretan mantentzen da, beti ere, laguntza jasotzeko eskubidea sortu zuten baldintzak betetzen badira.

Salbuespen gisa, 2015eko abenduaren 31n Gipuzkoan erroldatuta zeuden eta euren kargura adingabeak dituzten familiek, soilik, aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskaera berriak 2016ko abenduaren 31 baino lehen.

Hau guztia kontuan izanda, Gipuzkoan 2016ko urtarrilaren 1az geroztik erroldatu diren pertsona orori jakinarazten zaio, aurrerantzean ezin izango duela Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntzarik (DSBL / AGI) jaso, prestazio hau desagertu egiten baita.


Soraluze, 2016ko ekainaren 3an.


Osasuna, Gizarte Ongizatea eta Inmigrazioaren Batzordeburua

Iz.: Patricia Borinaga Albeniz