Ascensio Gurrutxaga abadeari omenaldia

2017/06/02
Ascensio Gurrutxaga, herriko abade eta organista izan zena omentzeko erakusketa eta kontzertua antolatu dituzte haren lagunek eta Udalak; Erakusketa gaur inauguratuko da, arratsaldeko 7etan.

Ascensio Gurrutxaga (1918-2001) azpeitiarra 1951n izendatu zuten apaiz eta Soraluzera bidali zuten.

Urte askoan parrokiko organista izan zen eta musikaren arloan laguntza handia eskaini zien, besteak beste, herriko bandari, txistulariei eta abesbatzari.

Bizitza oso musikari lotuta egin ondoren, konposizio, moldaketa eta bestelako lan ugari utzi zituen Don Ascensiok, 300 dokumentuz osatutako artxiboan.

Artxibo hori Iñigo Alberdi musikariari utzi zion Don Ascensiok hil zenean eta, duela hilabete batzuk, Iñigo Alberdik Soraluzeko herriari dohaintzan ematea erabaki zuen.

Udalak bere gain hartu zuen jasotako materiala katalogatu eta artxibatzeko lana eta horretan aritu dira hainbat hilabetez Domentx Uzin musikaria eta udal artxiboko arduraduna.

Ascensio Gurrutxaga zenaren musika ondarea ezagutarazteko eta, bide batez, merezi zuen omenaldia egiteko, hainbat ekimen egingo dira ekainean zehar:

Ekainaren 2tik 17ra erakusketa egongo da ikusgai kiroldegiko erakusketa-gelan, Don Ascensioren argazki, partitura eta liburuekin.
Erakusketa gaur, arratsaldeko 7etan, inauguratuko da.

Ekainaren 7an, Don Ascensioren omenezko kontzertua eskainiko dute parrokian Ezoziko Ama abesbatzak, hainbat belaunalditako txistulariek eta Iñigo Alberdi organojoleak.