Ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzak

2016/06/09
Debabarreneko Garapen Agentziak (DEBEGSA) 29 diru-laguntza banatuko ditu enpresa-ideiak garatzeko edota enpresa-jarduera berriak martxan jartzeko asmoa duten langabetuen artean.
Diru-laguntza hauek enpresa-ideiak garatzeko edota enpresa-jarduera berriak martxan jartzeko izango dira eta langabezian egotea bete beharreko baldintza izango da.

Enpresa-ideia bat garatu edo enpresa-proiektu berria martxan jarri nahi duten Debabarreneko herritarrek Debegesaren bitartez egin ahal izango dute LANBIDEk ekintzaileei laguntzeko abian jarri duen diru-laguntza deialdian parte hartzeko eskaera. Enpleguaren Euskal Zerbitzuak 29 laguntza onartu dizkio Debegesa garapen agentziari, 31.850 euro guztira.

Debegesa da Debabarrenean diru-laguntza hauek bideratu eta banatuko dituena, LANBIDEren entitate kolaboratzaile baimendua den aldetik, eta aholkularitza eta beharrezko duten laguntza eskainiko die ekintzaileei. Debegesak 18 diru-laguntza bideratuko ditu enpresa-ideia bat izanik ideia hori aztertu eta garatu nahi duten ekintzaileei eta beste 11 diru-laguntza banatuko ditu negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten.

Diru-laguntzen kopuruari dagokionean, enpresa-ideia bat garatzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste % 15 emakumezkoa bada.

Eskaerak ekainaren 14tik 22ra aurkeztu beharko dira Debegesaren egoitzan.

Ekainaren 13an, 12:00etan, informazio saioa egingo da Debegesan , Eibarren.

Informazio gehiago debegesa.eus webgunean edota 943 82 01 10 telefonora deituz.