Eraso sexisten aurkako elkarretaratzea

2017/02/22
Asteburuan udalerrian izan diren eraso matxistak gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute gaur arratsaldeko 7etarako Soraluzeko Udalak, Emakumeen Topaguneak eta Korner Morea Kolektiboak.

Soraluzeko Udalak, Emakumeen Topaguneak eta Korner Morea Kolektiboak gogor salatu nahi dituzte joan den asteburuan gure udalerrian izan diren emakumeen aurkako indarkeria kasuak eta herritarrei dei egiten diete gaur, asteazkena, arratsaldeko 7etan, Plaza Berrian egingo den elkarretaratzean parte hartzera, modu horretan aipatu gertakariak gaitzesteko eta erasoen biktimei eta beren senitartekoei elkartasuna adierazteko.

Era berean, adierazi nahi dugu berdintasun handiagoak, prebentzioak, heziketak eta, batez ere, emakumeenganako errespetuak baino ez duela indarkeria eta jarrera matxista hauekin amaituko eta emakumeen aurka burutzen diren era ezberdineko indarkeriak (psikologikoa, fisikoa, ekonomikoa, sexuala) beraien duintasunaren eta segurtasunaren aurkako erasoak direla, giza eskubideen aurkako erasoak direla.