Eskolako Agenda 21

2017/05/12
Soraluze BHI ikastetxeko ikasleek bilera egingo dute gaur goizean udaleko ordezkariekin, urtean zehar landu dituzten gaien inguruko proposamenak aurkezteko.

"Eskolako Agenda 21" egitasmoaren baitan, Soraluzeko bigarren hezkuntzako ikasleak udal ordezkariekin elkartuko dira udaletxean gaur goizean, 9:45ean, noizean behin elkarrekin egiten dituzten bilera errondaren barruan.

Aurten biodibertsitatea eta geoaniztasuna izan dituzte langai eskualdeko ikasleek, Debegesa garapen agentziaren koordinaziopean, eta gai horiei lotuta egindako lanaren berri emango diote ikasleek udalari, bai eta arlo horri dagokionean herria hobetzeko landu dituzten proposamenak helarazi ere.

Eskolako Agenda 21 jasangarritasunerako hezkuntza lantzeko helburuz sortu zen programa da. Ikastetxeen, Eusko Jaurlaritzako bi sailen (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, eta Ingurumena eta Lurralde Politika Saila) eta udalen arteko lankidetzan oinarritzen da.

Eskolako Agenda 21ek hedapen handia izan dute gure artean nahiz nazioartean. Gaur egun milioika pertsona ari dira UNESCOren aintzatespena duen hezkuntza programa hau lantzen eta, beraz, Planetaren jasangarritasunaren alde egiten. Izan ere, UNESCOren Garapen Jasangarrirako Hezkuntzarako konferentzian (Japonian 2014) Euskadiko Eskolako Agenda 21 azken hamarkadako munduko 25 praktika onenen artean azaltzera gonbidatua izan zen.