Etxegabetzeak saihesteko jarduera-protokoloa prestatu du Udalak.

2016/02/01
Urtarrilaren 27an egindako bileran etxe-gabetze kasuetan jarraitu beharreko udal protokoloa onartu zuen aho batez Udalbatzak, "Stop Kaleratzeak" plataformak bere garaian aurkeztutako mozioan egin zuen eskaerari erantzunez.

Urtarrilaren 27an izandako udal batzarrean, aho batez, onartu zen etxe-gabetze kasuetan jarraitu beharreko udal protokoloa.

Protokolo honen onarpena, aurreko legealditik pendiente zegoen gaia da. 2013an, udalak, Stop kaleratzeak plataformak aurkezturiko mozioa onartu zuen. Bertan, adostu zen kaleratze kasuetarako udal protokolo bat egin eta onartzeko konpromisoa hartzea.

Ia, hiru urte ondoren, Soraluzek badauka etxe-gabetze kasuetarako protokolo bat. Helburu nagusia; gain-zorpetzeagatik ohiko etxebizitza mantentzea arriskuan jartzen dion kaudimen-gabezia agertzen duen pertsona edo familiari, eta beraz, gizarte-bazterketa egoeran izateko arriskuan dagoenari, osoko konponbideak ematea da.

Jarduera protokolo hau bat-bateko egoera ekonomiko baten ondorioz ohiko etxebizitzaren etxe-gabetze kasuak daudenean ezarriko da, beti ere etxebizitza hori eraginpeko pertsonak jabetzan duen higiezin bakarra baldin bada.

Protokoloa ez da ezarriko ageriko gehiegikeria ekonomiko edo zabarkeria ekonomiko kasuetan. Kasu honetan, pertsona hauek Udal Gizarte Zerbitzuetara bideratuko dira.

Prozesuak dirauen bitartean etxebizitzari irtenbide bat aurkitzen saiatuko da, bai finantza entitateekin hitz eginez familia bere etxean gelditzeko edota egin behar diren gestioak eginez, alokairu sozialeko etxebizitza publiko bitartez posible den kasuetan. Laguntza ekonomikoak emateko beharrezko kudeaketak ere, egingo dira.

Udalaren alor desberdinetatik interesa duten pertsona orori informazioa emango zaio, azalduz,  zertan datzan protokoloa. Udalak duen Web gunean ere ikusgai izango delarik. Azkenik, etxe-gabetze kasuetan, hauen ebaluazioan baita diagnostikoa egiteko kasuan, udaletxeko zerbitzu sozialak izango dira, azkenengo hitza izango dutenak.