Euskarazko Irakurleen Kluba

2016/11/07
Jasone Osoro idazle egoibartarrak dinamizatuko ditu Udalak euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko abian jarri nahi duen euskarazko irakurleen klubaren saioak.

Udalaren Hizkuntza Politikaren Batzordeak, udal liburutegiarekin elkarlanean, "Euskarazko Irakurleen Kluba" izeneko egitasmoa jarriko du abian abenduan.

Zer da " Euskarazko Irakurleen kluba"?

Egitasmo honen helburua euskaraz irakurtzea eta euskarazko literatura gustuko duten herritarrak, hilean behingo maiztasunez, liburu bati buruz berba egiteko elkartzea da.

Egitasmoan era guztietako irakurleek har dezakete parte, asko irakurtzen dutenek nahiz irakurtzeko ohitura handirik izan ez arren, ohitura hori hartu nahi dutenek.

Klubak dinamizatzaile bat izango du, Jasone Osoro idazlea hain zuzen ere, hilean behingo saioetarako liburuak aukeratzea eta saioak gidatzea izango delarik bere lana.

Nola funtzionatzen du?

Interesdunak egitasmoan izena emango du, erabat doan.

Liburutegiak dinamizatzaileak klubaren hurrengo saiorako aukeratu duen liburua helaraziko dio interesdunari eta hurrengo saioa noiz izango den jakinaraziko dio.

Interesdunak hilabeteko epea izango du liburua irakurtzeko.

Klubeko kideak ordu t'erdiko saioa egiteko elkartuko dira, aurrez jakinarazitako egun eta orduan.

Dinamizatzailearen laguntzaz, irakurritako liburuari buruz berbetan arituko dira klubeko partaideak.

Noizean behin liburuaren idazlea ere etorriko da klubaren saioetara.

Noiz izango dira saioak?

Hilean behingo saioak astelehen edo ostegun iluntzetan egingo dira. Egun zehatza ez dago oraindik erabakita, izena ematen dutenei bi egun horien artean ondoen datorkiena aukeratuko da saioetarako egun modura.

Nola eman behar da izena?

Egitasmo honetan parte hartzeko interesa dutenek Udal Liburutegian edota Udaleko Hª Politikaren Zerbitzuan eman dezakete izena, azaroaren 18rako.

- Udal Liburutegia. 943752074.

- Hª Politikaren Zerbitzua. 943753043.