Euskarazko Irakurleen Kluba

2017/01/17
Alaine Agirre idazle bermeotarraren "X hil da" izango da euskarazko irakurleen klubeko kideek otsailaren 6an egingo duten lehendabiziko saioan landuko duten liburua.

Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordearen ekimenez herrian sortu den Euskarazko Irakurleen Kluba otsailaren 6an elkartuko da lehendabiziko aldiz, Alaine Agirre idazlearen "X hil da" liburuaren gainean jarduteko.

Klubak 6 lagunekin hasi du bere bidea eta bi hilabetean behin elkartuko da, astelehenetan, arratsaldeko 7etan, aldiko liburu ezberdin bat lantzeko. Tarteka, gainera, aukeratutako liburuaren idazlea ere gonbidatuko dute saioetara.

Apurka-apurka kluba handitzea da antolatzaileen asmoa eta jakinarazi dute oraindik ere badagoela taldera biltzeko aukera, Udaleko Hizkuntza Politikaren Departamentuarekin harremanetan jarriz ().

Jakina den moduan, Jasone Osoro idazle elgoibartarra izango da klubaren saioak dinamizatuko eta irakurri beharreko liburuak proposatuko dituena.

Hauek dira klubeko kideek udara bitartean egingo dituzten saioen egunak:

- Otsailak 6.

- Apirilak 3.

- Ekainak 5.