"Gurpilen" egitasmoaren amaiera

2016/10/03
Pertsona nagusien herri barruko mugikortasuna hobetzeko helburuz sortu zen garraio-zerbitzua amaitutzat eman dute antolatzaileek, hilabetez martxan egon ostean.

Soraluzeko Udalak eta Alkarri Elkarteak amaitutzat eman dute uztailean martxan ipini zen "Gurpilen proiektua".

"Alkarrekin Soraluze Eginez" prozesuan eta Matia fundazioak herriko adinekoen beharrak aztertzeko egindako ikerketaren ondorioetan jatorria duen proiektua da hau, eta pertsona nagusien herri barruko mugikortasuna hobetzea zuen helburu moduan.

Proiektu honek balio izan du herri mailan dohaineko garraio zerbitzu bat martxan jartzeko. Zerbitzua uztaileko 4 ostegunetan eman da, merkatua izaten dela kontutan izanda, eta erabiltzaileek aukera izan dute beraien bizilekuetatik herri erdira furgonetaz etortzeko. Parte hartu duten pertsonak 65 -hau zen parte hartzeko gutxieneko adina- eta 86 urte bitartekoak izan dira. Pertsona hauek beraien etxeko ateraino lagundu dien begirale baten laguntza izan dute beraien etxebizitzetan igogailurik ez dutenen kasuan edota osasun edo arazo fisiko bat izan dutenen kasuetan.

Proiektuak 3 hilabeteko iraupena izango zuela aurreikusten bazen ere, kontutan izanik parte hartzea txikia izan dela, nahiz eta asteak pasa ahala berau gehitzen joan den, Soraluzeko Udalak eta Alkarri Elkarteak proiektua bertan behera uztea erabaki dute, aurreikusitako helburuak bete ez direlako.

Soraluzeko Udalak, hala ere, herriko nagusien bizi kalitatea hobetzea helburu duten ekintza desberdinak bultzatzen eta sustatzen jarraitzeko asmoa dauka.