Hirigintza planarekiko adostasun osoa udalbatzarreko bozketan

2015/04/02
Interes handia piztu zuen joan zen egueneko udalbatzarrean datozen urteetako hirigintzako plan orokorra onartzeko egin zen lehen eztabaidak. Alkateak plan orokorraren inguruko azalpenak eman zituen lehenengo eta ostean bozkatu egin zuten: alderdi denek aho onartu zuten. Santa Anako zenbait bizilagun izan ziren saio aretoan eta euren desadostasuna adierazi zuten.

Hiart Arluziaga alkateak plan orokorrak bere baitan jasotzen dituen zehaztapen garrantzitsuenak azaldu zituen. Helburu nagusien artean jasangarritasuna bermatzea, ibaiaren zentralitatea lantzea, ongizatea eta irisgarritasuna hobetzea eta herritarren bizi-kalitatea bermatzea direla zehaztu zuen, planean, “Alkarrekin prozesuan jasotako ondorioak txertatu direla” azpimarratzearekin batera.

Egitasmo nagusiak, gunez gune

Planak jasotzen dituen egitasmo nagusiak ondorengoak dira:

- SANTA ANA - OLA bitartean, Leteneko tailerretik hasi eta Amezuarenera arteko eraikin guztiak bota eta ingurua lautzea proposatzen da Santa Ana kaleari jarraikortasuna eman eta herrirako sarbide berria egokituz. Alkateak aipatu zuen, bertan etxebizitza sozialak eraikitzeko aukera aztertzen dihardutela.

- ERREGETXETIK autoak kendu eta Plaza Zaharrarekin batera herriaren erdigunean aisialdirako gune handia egitea proposatzen da. 

- SAPA dagoen gunea eraberrituz, beharren araberako proiektu bat gauzatu nahi da.

- PASCUALCHURRUCA lantegia herriaren erdigunetik kanpora ateratzea proposatzen da.

- URAagentziak uholde arriskuak direla eta egindako gomendioei jarraituta presen altuera jaistea aurreikusten da.

-ATXOLIN-IRUKURUTZETA ingurua indartzea

-MUGIKORTASUN-IRISGARRITASUNA HOBETZEA, herri-sarrerak hobetu eta herriko eraztuna txikitu, poligonoan zubi bat eraikiz.

- KANPOSANTUA lekuz aldatzeko aukeraren inguruan gogoeta egitea proposatzen da.

Azalpena bukatu aurretik kaltetuekin bilerak egin direla azaldu zuen alkateak. Bereziki erreferentzia zuzena egin ziren Santa Ana-Olea arteko bizilagunei eta esan zuen eurekin batera adostu dutela proiektua egikaritu arte etxe horiek ordenantzaren barruan mantentzea. “Inor ez dela kalean geratuko” ere aipatu zuen Arluziagak eta plana “soraluzetarren bizi-kalitatea hobetzeko ona dela” gaineratu zuen.

Alderdi guztiak ados

Udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdiek aho batez onartu zuten hirigintza plan berriaren behin behineko planari hasierako onespena ematea. Orain, hogei eguneko epea zabalduko da eta ondoren, planaren behin betiko zirriborroa onartu beharko dute.

EAJko ordezkariak alderdi guztiak zoriondu zituen “guztien artean lortutatuko adostasunagatik”. Bere ustetan, “planak herri osoari eragiten dio eta maiatzean hauteskundeak izan arren, eman daitezkeen aldaketa politikoak ez dira plan orokorra aldatzeko aitzakia izango”. EAJk planari egin dizkion ekarpenak ere aipatu zituen Aldazabalek, bereziki Erregetxearen eraberritzeari dagozkionak. Batetik, Erregetxean, lurrazpiko aparkalekuak egitea proposatzen dute eta Erregetxearen erabilera berria aprobetxatuta trafikoaren noranzkoa lehengora bueltatzea.

PSE-EErentzat plan ona da

8 urtetan betetzeko moduko plana dela iruditzen zaie PSE-EEko kideei eta herriarentzat ona dela ere esan zuen Patricia Borinagak. Eurak aspaldi dihardutela plan zaharra berrikuskatu dadila eskatzen eta pozik daudela emaitzarekin “proiektuetan oinarrituta dagoelako, ez politikan”.

Bilduko Roke Akizuk hartu zuen gero hitza eta Aldazabali egin zion aurre esanaz, Erregetxeko aparkalekuen auzia eta norabide aldaketarena, EAJk lehenagotik atera gabe duen arantza dela. Akizuren ustez “lurrazpiko aparkalekuak oso garestiak dira eta ez du herriko erdialdea oinezkoei lehentasuna emateko filosofiarekin bat egiten”. Hala ere, “emendakina onartu eta aukera guztiak aztertuko direla” azaldu zuen.

Ikerrek, bere partetik, “arantza ez, beraiek aurkeztutakoa herriari begirako hobekuntzak direla azaldu zuen eta herriagatik arduratzen direla, beti onena eskaini asmoz”.