Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak

2016/05/31
Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko prozeduran herritarren parte-hartzea bultzatzeko bilera antolatu du Jaurlaritzak ekainaren 1ean Eibarren.
LAGak, EAEko lurraldearen plangintza globalerako tresna nagusiak, 1997an onartu ziren, orain dela ia bi hamarkada. 2015eko uztailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) berrikuspenari hasiera ematea erabaki zuen, eta prozedura hori parte hartzeko prozedura zabal bidez gauzatzea ezarri zuen.
LAGen berrikuspenean parte hartzeko prozesua EAEko lurralde-eredu berriaren oinarriak modu sozial eta parte hartzailean definitzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako adostasun publikoko mekanismoa da. Prozesua 2016ko martxo eta azaro bitartean burutuko da, eta 2016ko Euskal Hirian aurkeztuko den Lurralde Antolamenduaren Gidalerro (LAG) berrien Aurrerapen dokumentua egiteko bidea emango du.
Parte hartzeko prozesu honetan, besteak beste, “LAGak eremu funtzionaletan” jardunaldiak burutuko dira. Jardunaldi hauetan, eremu funtzional bakoitzeko udalerri ezberdinetan eta aditu talde baten proposamenetan jasotako informazioaren bitartez, LAGetan berrikusiko diren gaietan sakondu nahi da.

Euskal Autonomia Erkidegoko eremu funtzionaletako hiri nagusietan egingo diren 16 foro eta tailerretan aurrez aurre parte hartzeko aukera egongo da. Debabarreneko  eremu funtzionalerako saioa ekainaren 1ean, asteazkena, izango da arratsaldeko 18:00etan Portalean (Bista-Eder kalea, 10, Eibarren) Paisaia, azpiegiturak, landa- eta hiri-inguruneak, ura, energia eta horrelakoak bezalako gai garrantzitsuei buruz hitz egiteko aukera paregabea izango da.