Txangoa Askabeittiko iturrira

2016/11/16
Udaleko Landa Garapenaren Batzordeak eta Mendi Taldeak txangoa antolatu dute larunbat honetan, iturria zaharberritzeko egin diren lanak ikustera.

Landaguneko azpiegiturak, eta bertako iturriak bereziki, zaharberritzeko egitasmoaren baitan, Udaleko Ingurumenaren eta Landa Garapenaren Batzordeak Askabeittiko iturria berritzeko lanak burutu ditu. Lanok Debabarreneko Landa Garapen Elkarteko (Debemen) langileen laguntzaz egin dira.

Askabeittiko iturria Soraluzeko Kirol Bazkunak eraiki zuen 1952an. Denboraren joanak, baina, zahartu egin du iturria eta egoera txarrean aurkitzen zen. Horregatik hartu da berau berritzeko erabakia.

Zaharberritze lanak bukatuta, larunbat honetan, azaroak 19, Soraluzeko Mendi Taldearekin batera txango bat antolatuko da bertara, iturriaren bigarren inaugurazio bat egiteko.

Bertara joan nahi dutenak goizeko 10etan irtengo dira Plaza Berritik. Behin iturrian, inauguruazio ekitalditxoa egingo da eta, ondoren, bertaratzen direnentzat salda eta txorizoa banatuko dira.

Soraluzeko Udalak eskerrak eman nahi dizkie Korta baserriko jabeei, iturria beraien lurretan aurkitzen delako eta berau zaharberritzeko lanak aurrera eramateko aukera eman dutelako.

Argazkiak ikusteko sakatu hemen.