Etorkinen inguruan sortzen diren zurrumurruak lantzeko tailerra egingo da

 

SOS Arrazakeria eta Alkarrekineko Talde Sozial eta Kulturalen Arteko Harremanak Sustatzeko taldeak antolatuta etorkinen inguruan sortzen diren zurrumurruak argitzeko tailerrak egingo dira urtarrilaren 15ean, 21ean eta 28an. Tailerrak egun bakoitzean saio bat izango du eta hizlari banak parte hartuko dute. Tailerrean parte hartu ahal izateko aurrez izena eman beharko da 943753043 telefonora deituta edo udala@soraluze.eus helbidera idatzita.

Zurrumurruak

 

“Kulturak eta identitateak. Aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak” da lehen saioaren izena eta Xabier Aierdi soziologoak emango du. Kultura zer, identitateak nola eraikitzen ditugun eta aniztasuna nola kudeatzen dugun aztertuko du besteak beste.

 

Bigarren saioa SOS Arrazakeria elkarteko Agustin Unzurrunzagak emango du eta “Zurrumurruei erantzuten” izango du izena. Berak, gure inguruko esperientziak azaldu eta egungo testuinguruan zurrumurruak politikoki nola erabiltzen diren aztertuko du, Europan gora egiten ari den eskuin muturrean fokoa jarrita.

 

Azkenik, hirugarren saioan Bartzelonako Xarxa Antirumors elkarteko Rafael Crespo Uberok “Zurrumurruak kudeatzeko komunikazio eta emozio estrategiak ” izeneko saioa eskainiko du. Bertan zurrumurruek nola eragiten diguten eta hauei aurre egiteko ditugun baliabideak landuko ditu.

 

Saio guztiak udaletxeko Batzar Aretoan izango dira 17:30etatik 20:30etara bitartean.