Adineko Pertsonen beharrak aztertzeko ikerketa egingo du Matia Institutua Fundazioak

2015/02/23

Soraluzeko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak eta Alkarrekineko Oinarrizko Behar Sozialen proiektuak bultzatuta, Matia Institutua Fundazioak Soraluzeko adineko pertsonen egoerari buruzko ikerketa egingo du. Horretarako bereziki bakarrik bizi diren eta mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonen beharrak bilduko dituzte.

2857745-4039018

 

Ikerketa maiatzera arte luzatuko da, eta Fundazioak egoeraren azterketaz gain, egoera hori hobetzeko hainbat proposamen egingo dizkio udalari. Orain, herriko egoera aztertzen ari dira; besteak beste, ze zerbitzu eskaintzen zaizkien adineko pertsonei. Ondoren landa lanari ekingo diote.

 

Landa lanean etxez etxeko laguntza zerbitzuan diharduten Gizarte Zerbitzuetako langileak, etxean mendekotasun egoeran dauden senitartekoen zaintzan diharduten pertsonak eta bakarrik bizi diren 20 pertsona ere elkarrizketatuko dituzte.

Kasu guztietan helburua adineko pertsonek bizi duten errealitatera gerturatzea da, egoera desberdinak ezagutu, beharrak identifikatu eta ondorioz hobetzeko arloak.

 

Horrez gain, Soraluzeko Osasun Etxearekin ere bilduko dira koordinazio sozio-sanitarioaren ikuspegitik garatzen ari diren ekintzak ezagutzeko.

 

Matia Fundazioa mendekotasun egoeran dauden eta ezintasuna duten adineko pertsonekin lan egiten duen Fundazioa da, beraien zentroetan ia mila pertsonei arreta ematen die . Bere institutuan ezagutza sortzen dute, ikerketa ildoak, azterketak, aholkularitza, formazioa, etab. garatuz.