Juan Fernandez: “Norbaitek etorkin bati buruz zerbait txarra esaten duenean guri ere eragiten digu”


Urtarrilean, Alkarrekineko Talde Kultural eta Sozialen Arteko Harremana Sustatzeko Taldeak antolatuta, etorkinei buruzko zurrumurruei aurre egiteko tailerrak antolatu ziren. Hiru tailer hauetan hiru ponente izan ziren: Xabier Aierdi soziologoa, Agustin Uzurrunzaga SOS Arrazakeriako kidea eta Xafael Crespo Ubero, Bartzelonako Xarxa Antirumors elkarteko kidea.

Saio hauetan, etorkinei buruzko hainbat datu azaltzeaz gain, zurrumurruei aurre egiteko komunikazio estrategiak landu zituzten. 25 herritarrek parte hartu zuten, gehienak emakumeak.

Juan Fernandez 24 urteko Erizain Laguntzailea da eta bera izan zen parte hartzaileetako bat. Tailerrak zer irakatsi dion jakiteko elkarrizketatu dugu.

7

Zer da zurrumurru tailerra?

Zaila da esatea. Hiru tailer izan dira. Jendeak gogoa zeukan gai honetan hitz egiteko. Nik ere bai. Azken batean pil-pilean dagoen gaia da. Zurrumurruei aurre egiteko tailerra da. Taktikak, datuak eta antzekoak eman dizkigute zer den egia eta zer ez jakiteko.

 

Egiak dira zurrumurruak?

Ez dira egiak eta ez dira gezurrak ere, denetik dago. Datuek diotenez herritarren %0,9aren artean baino ez da kezka iturri hau. Etorkinek ez digute kalterik egiten. Aurreiritzien bidez zabaldutako bi zurrumurrurekin gezurrak asko zabaltzen dira.

 

Krisia dela eta egoera gordindu da?

Telebista eta aldizkariek diotenak eragin handia dute. Ebolaz edo Melillako hesiko gertakariez zerbait entzutean jendearen arteko kezkak gora egiten du. Baina hala ere une honetan ez da jendearen kezka nagusia. Jendeak ez du uste etorkinen erruz krisia sortu denik edo lana kendu diotenik.

 

Beraz, arazoa zein da, batzuek modu interesatuan hauspotzen dituztela zurrumurruak etekin politiko bila?

Bai, zalantzarik gabe. Joko politikoak eragin handia du etorkinekiko zabaltzen den aldekotasun edo kontrakotasunean. Politikariek ere saldu egin behar dute eta txarrerako askotan.

 

Ze jarrerarekin egin behar zaie zurrumurruei?

Aierdik esaten zuen lasaitasun askorekin egin behar zaiela. Ez da batere erraza komentario horiei aurre egitea, kalean daude. Ni asko izorratzen nau norbaitekin gaiaz hitz egin eta handik gutxira beste batek beste zurrumurru bat kontatu diolako ideia horiekin geratzeak. Oso zaila da horri aurre egitea. Baina kontutan izan behar dugu norbaitek etorkin bati buruz zerbait txarra esaten duenean guri ere eragiten digula. Hori ezin dugu onartu.

 

Kuadrilan eta ere askotan botatzen ditugu zenbait komentario barre egiteko baina ez dira onargarriak. Laguna izanda ere, bere arrazagatik barre egitea ez da normala. Norbaitek halako jarrerarik badu moztu egin behar dugu eta hurrengoan ez du egingo.

Taktika batzuk ere azaldu zituen.

 

Adibidez?

Aierdik zioen halako komentarioak egiten dituenari zangotraba txiki bat egin behar zaiola. Zurrumurruaren zentzugabekeria ebidentzian jartzea erantzun ironiko baten bidez edo exagerazio baten bidez adibidez. Arrazoirik ez eman eta ez barrerik egin.

 

Esperientzia baliagarria izan da zuretzat?

Oso esperientzia positiboa izan da. Hiru tailer izan dira. Alkarrekineko taldean landu genuen gaia. Oso esperientzia onak izan ditut etorkinekin. Eurentzat oso zaila da integrazioa, baina azken finean prozesu hau ez berria. Gure arbasoak ere Euskal Herritik joandakoak edo beste nonbaitetik etorritakoak dira. Beti gertatu izan da.

 

Egoeran ikusi eta ikuspuntuak trukatzeko oso interesgarria izan da. Jendea animatu da, ez dakit asko edo gutxi den baina esperientzia oso ona izan da. Jende gehiago animatu behar zen? Bai. Eta jende gazte gehiago egotea ere ederra izango zatekeen. Bestetik parte hartzaile gehienak emakumeak izan ziren. Bi mutil bakarrik egon ginen eta horrek asko markatu zuen tailerraren izaera.

 

Sokratesen “filtro hirukoitza” zurrumurruei aurre egiteko

Zurrumurru tailerretako hizlariek horiei aurre egiteko hainbat estrategia azaldu zituzten.

 

Egia da lehen filtroa

Erabat ziur zaude esan behar didazuna egia dela?

Ez -esan zuen gizonak-, hortaz zerbait entzun nuen eta...

Ongi da -esan zuen Sokratesek-. Orduan ez dakizu benetan egia edo gezurra den.

 

Bigarren filtroa, ontasunaren filtroa

Zerbait ona al da nire lagunaz esan behar didazuna?

Ez, kontrara...

Orduan, beraz zerbait txarra esan nahi didazu, baina ez zaude seguru egia ote den.

 

Erabilgarritasunaren hirugarren filtroa

Zerbaiterako balioko al dit nire lagunaz esango didazuna jakiteak?

Ez, egia esan ez.

Ongi -ondorioztatu zuen Sokratesek-, esan nahi didazuna ez bada egia, ez bada ona eta gainera ez bada erabilgarria, zergatik jakin beharko nuke?

 

Horiez gain, bestelako estrategiak ere azaldu zituzten hizlariek. Esaterako, zurrumurruak esaten dituenaren kontra ez egitea, bera biktimizatzen delako horrela. Zurrumurruaren kontra egitea baino, egokiagotzat jo zuten zurrumurrua zabaltzen ari den pertsona hausnarketara bultzatzea, esaten ari denak ez duela zentzurik ikus arazteko.

 

Azken errekurtso gisa, gezurraren erabilera ere zilegitzat jo zuten. Zurrumurruen kontrako argudio gisa datuak asmatzea.