Leire Guinea: “Soraluzeko bizimoduan mendi eta ibaiek izan duten eragina aztertu eta errelato komun bat osatu nahi dugu”

Zer esan handia eman zuen udazkenean, Udaletxetik Apaiz Etxera zintzilik jarritako harritzarrak. Aranzadi Elkarteak Dolmenen Ibilbidea balioan jartzeko asmoz, Arribiribilletako zutarria zutik jarri behar zuela-eta, gaia sozializatzeko ekimena izan zen. Alkarrekineko Mendi eta Ibaien Taldeak burututako ekimena izan zen. Hain justu beraien helburu nagusia ondo azaltzen duen ekimena da. Herriko mendi eta ibaiak balioan jartzea, Soraluzeko identitatean hauek izan duten eragina kontuan izanda.

Leire Guinea eta Jose Luke taldeko kideak dira eta badituzte ekimen gehiago ere buruan.

3

  1. Ze garrantzia dute mendiek eta ibaiak Soraluzeren identitatean?

LEIRE: Gure asmoa hori ikertzea da. Ez soilik ibaiak. Pasaiak orokorrean nola eragin duen plazentziarrengan eta alderantziz. Paisaia aztertu eta herritarrekin berba eginda ibaiak eta mendiek ze erabilera izan duten jakin nahi dugu ze erabilera berreskuratu daitezkeen jakiteko. Ibaia adibidez, susmoa dugu gaur egun ez dela herritarren bilgune eta sasoi batean aldiz izan zela. Beste erabilera batekin bada ere, herritarrentzako erabilgarri jarri nahiko genuke.

  1. Egun gutxietsita ditugu? Bizkarra emanda bizi gara?

LUKE: Talde honetan hasi nintzenean ibaiaren edo bere zati baten erabilera bultzatzeko ideiarekin hasi nintzen. Nik ez dut inoiz planteatu jendea orain bertan bainatzen hastea, pentsaezina da, baina bai erakargarri bilakatzea ibai ertzean zein ibaian bertan uretan bainatu gabe egin daitezkeen gauzak planteatuz. Plazentziatarrei ibaia erabilgarri izan daitekeenaren mentalitatea sustatzeko ideiak erakartzen ninduen.

Planteatzen diren aktibitateak ukigarriak dira, egingarriak. Beste kontu bat da gure mentalitatea aldatu behar dela, ibaia ez dela zerbait nazkagarria eta zikina. Ekintzak planteatu ditugunean ulergarriak, irisgarriak eta errealak izatea nahi izan dugu. Horretarako mahai gainean jarritako proposamenetan sinetsi behar da.

LE: Mentalitatea aldatzeko dibulgazio lana ere egin behar da. Jende zaharrarekin egotea herriaren identitatean duen garrantziaz jabetzeko eta jendearen mentalitatea aldatzeko. Ez soilik espazioa eraldatzea. Gure izaeraren parte dela eta gure egunerokotasunaren parte izan daitekeela ikus araztea.

Ikustea gure arbasoek ze garrantzia ematen zioten, belaunaldi gazteek ere emateko.

  1. Orainera eta etorkizunera begira, memoria hori berreskuratzeak ekar dezake herritarrak batu eta zerbaiten parte sentitzea?

LE: Guk bilatzen duguna hori da. Errelato komun hori egin ahal izatea. Ez soilik bideak markatzea, baita edukiz betetzea ere. Ez baditugu errealitate horiek aztertzen zaila da lotura afektiboak sortzea.

  1. Lan guzti hori garatzeko garrantzitsua da herritarrak inplikatzea?

LU: Hau ez da berria. Sociedad Deportivaren garai onenetan, jende mordoa antolatzen zen halako gauzen inguruan. Jende mordoa mugitzen zuen. Beharbada, hori mugitzen zutenak beti berdinak zirelako erreta bukatu zuten eta ez da erreleborik egin. Soraluzek bizirik jarraitzea nahi badugu, mentalizatu behar dugu jendea aktibo egon behar dela. Ilusioa transmititu behar dugu. Baina une honetan horma batekin aurkitzen naiz sarri. Ez dakit nola planteatu. Apatia orokorra dago, nahiz eta jende askok parte hartu zuen Batzar Orokorrean, asko kostatzen da mugi araztea eta dinamika iraunkor bat martxan jartzea.

LE: Parte hartzeko ohitura galdu dugu. Gaur egun erosoago bizi gara. Jendea parte hartzera bultzatzeko modurik onena gauzak egitea da. Alkarrekinen orain arte pentsatzen ibili gara eta orain pasako gara ekintzetara. Erakargarria izango dela uste dut eta ea horrela jende gehiago ere batzen den. Bestela ez du zentzurik egiten ari garen lanak. Planteatzen duguna auzolanarekin lotura handia du, herritarrekin batera egin nahi ditugulako gauzak.

  1. Dolmenen Ibilbidea izan da aurten egin duzuen lan potoloena, zutarriaren dibulgazioarekin. Aurrera begira ze ekimen planteatzen dituzue?

LE: Praktikan ez dugu gehiegi sakondu oraindik. Zirriborroa badugu. Dolmenen Ibilbidean Aranzadik lanean jarraitzen du. Udan lanean ibiliko dira eta ea posible litzatekeen herritarrok indusketetan laguntzea auzolandegi moduko batzuen bidez. Mendi gaineko ondarea dibulgatzeko lan handia dago oraindik.

LU: Dolmenen Ibilbidea kanpora begirako eskaparate ederra da. Kanpoko jende asko etortzen da. Sarri etortzen da minibusetan jendea San Andresera ibilbidea egiteko. Soraluzetarrentzat ordea hor geratu da kontua.

LE: Hori dibulgatzen asmatu behar dugu herriak berea den zerbait bezala sentitu dezan. Gauzak balioan jartzeaz ari garenean hortaz ari gara. Jendearen pentsamenduan eragin behar da.

LU: Bai eta mendia ez dadila izan soilik ez dakit zenbat kilometro egiten ditudala ez dakit zenbat denboran eta abar. Beste buelta bat eman behar zaio horri ingurua ezagutu araziz. Zer nolako fauna eta flora dugun, mendi bideak zertarako erabiltzen ziren... Mendiaren beste ikuspegi bat emateko.

Ez dugu ezer berririk asmatu behar.