Elikagai bankuaren proiektua abiatzeko lokal bila

2015/03/25

Alkarrekinen Azaroaren 22ko Batzar Orokorrean, Soraluzen Elikagai Bankuaren proiektua martxan jartzeko aukerak aztertuko zirela azaldu zen. Boluntario taldea osatu da eta udaleko Gizarte Zerbitzuen sailetik eta Alkarrekinen sortu den taldetik adierazi dutenez, ekainean Bankua martxan izatea da asmoa.

20111216105819453 banco alimentos

Proiektua garatu ahal izateko lokal bat behar da ordea, elikagaiak bildu eta beharra dutenei banatuko zaien tokia. Udalak beraz, arazo ekonomikoak direla eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei elikagaiak banatu ahal izateko lokalaren beharra azaldu du. Ekimen honen izaera kontuan izanda, lokal huts bat Udalari uzteko proposamena luzatu nahi die jabeei. Udala arduratuko da lokalaren erabilera egokia eta mantenua bermatzeaz.

 

Helburu bikoitza du lokala lortzeak. Batetik, elikagaiak behar dituzten pertsona orok horiek eskuratu ahal izatea. Bestetik, herritarrek, dendariek eta boluntarioek proiektua bultzatu ahal izatea modu batean edo bestean kolaboratuz.

Lokala uzteko prestutasuna duenari, apirilaren 30a baino lehen udaletxeko Harrera Bulegoan izena emateko eskatzen die Udalak, bertara joanez edo telefonoz deituta. Lokalak 50 eta 100 m2 artekoa izan beharko du barne kudeaketa egokia egiteko.