Herritarren parte hartze eta elkarrekintzarako Soraluzeko aplikazioa martxan

Alkarrekin Soraluze aplikazioarekin herritarrek euren mugikorretatik Soraluze biziberritzen parte hartzeko beste modu bat izango dute, kaleko gertakariak edo kexak modu errazean bidaliz.

Etengabeko eboluzioan egongo den tresna izango da, eta helburua Soraluzeko herritarrentzat interesgarriak diren zerbitzu guztiak bertan eskuragarri izatea da.

kartela

Alkarrekin Soraluze aplikazioa jarri du abian udalak. Aplikazio honekin herritarrek parte hartzerako eta euren ekarpena egiteko beste kanal bat izango dute kaleko gertakarien berri emanez. Horretarako behin aplikazioa mugikorrean deskargatu eta e-mail bidez erregistratuta, bidali nahi dugun gertakariari argazkia atera, GPS bidez mapan lokalizatu eta gertakariaren kategoria hautatuta bidali besterik ez da egin beharko.

Hiru urrats erraz horiek eman ostean, udaleko dagokion arduradunak gertakaria konpontzeko protokoloa jarriko du abian kexaren edo gertakariaren bidaltzailearekin harremanetan jarrita. Guzti hori, nahi izan ezkero, modu publikoan egin ahal izango da eta edozein herritarrek jarraitu ahal izango du gertakari horri ematen zaion erantzuna aplikazioaren bidez. Azken finean, gardentasunez ikusiko da kudeaketa.

Tresna honekin, Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuan orain arte garatutakoari beste dimentsio bat gehitu nahi izan dio udalak. Proiektu estrategikoetan parte hartzeko espazioak eskaintzetik harago, eguneroko gauza txikiekin ere herria guztion artean hobetzeko ekarpena egin ahal izango da honela modu errazean.

Horrez gain, aplikazioa instalatzen duenak azken uneko gertakarien edo abisuen inguruko alertak ere jasoko ditu bere mugikorrean: bide mozketak, argi mozketak...

Herritarren informaziorako kanalak erraztera begira, Alkarrekini buruzko albiste guztiak ere aplikazioan irakurri ahal izango dira. Udalaren webgune berria martxan jartzean, bertan egongo da bertako informazio guztia ere.

Zerbitzu guztiak bertan

Aplikazioa hiru tresna horiekin abiatzen bada ere, gero eta zerbitzu gehiago eskaintzeko helburua du. Soraluzeko herritarren aplikazioa izan nahi du eta hargatik Alkarrekin Soraluze izena. Herritarra erdigunean izanda, udalaz gain, herriko bestelako erakunde eta eragileek ere aplikazioaren bidez zerbitzuak eskaintzeko aukera landuko du udalak.

Bestetik, epe motz-ertainean zerbitzu gehiago eskaintzen hasiko da aplikazioa: herriko agenda, autobus zerbitzuen ordutegiak eta SMART City proiektuko aplikaziok bertan txertatuko dira besteak beste.

Aplikazioa, Euskara Planeko hizkuntza irizpideei jarraiki, euskaraz deskargatuko da defektuz eta gazteleraz erabili nahi duenak menuan aldatu ahal izango du hizkuntza. Android-erako bertsioan eskuragarri dago jada Play Storen euskaraz. App Storen hurrengo egunetan izango da eskuragarri.