Borja Arregui: “Informazio fluxu ezberdinak bideratuko ditugu sare elektrikoa inteligente bilakatuta”

SMART CITY edo Herri Inteligentearen proiektuak kuriositate handia eragin zuen Alkarrekinen Batzar Orokorrean. Berritzailea den terminoa izateaz gain, askoren galdera izan da zertarako balio lezakeen halako proiektu batek. Sare inteligentearen asmoa, herriaren funtzionamenduan zerbitzuak hobeto eta eraginkortasuna handitzea izango dira helburuak.

Borja Arregui 23 urteko zumarragarra, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko ikaslea da eta bera ari da Soraluzeko Udalean SMART CITY proiektua diseinatu eta garatzen.

2

  1. Smart kontzeptua asko entzuten da azken aldian telekomunikazioen munduan. Zer esan nahi du?

Gure arloan esan nahi duena telekomunikazioen aldetik sare inteligentea egitea da. Guk planteatzen dugu adibidez, argiteriaren sare elektrikoa sare inteligente bilakatzea informazio fluxu ezberdinak bideratuz. Hortik informazioa bidali ahalko litzateke aplikazio eta errekurtso ezberdinak kudeatzeko.

  1. “Inteligente” hitzak esan nahi du, argiaren kabletik beste era bateko informazioa joango dela?

Hori da. Elektrizitatea garraiatzen duen sarea dugu eta sare horretan orain informazioa bidali eta jaso ahal izango da. Farola bakoitza inteligentea izatea nahi dugu jarriko ditugun aplikazioen informazioa bidali edo jasotzeko.

  1. Zein izango dira aplikazio horiek?

Hasiera batean bost aplikazio planteatu ditugu azpiegitura honen funtzionamenduarekin hasteko. Bost wi-fi puntu jarriko ditugu herritarrak internetera konektatu ahal izateko farolen bitartez.

Hondakinekin, kontenedoreetan sentsore bolumetrikoak jarri nahi ditugu, kontenedore bakoitzak momentuan duen biltze gaitasuna neurtzeko eta hala mankomunitateari zaborra jaso behar duen edo ez abisatzeko. Gaur egun, kamioiek bidaia asko egiten dituzte sarri alferrik, eta hori ez da errentagarria. Informazio horrekin ibilbide ezberdinak planteatu ahal izango dira beharren arabera.

Estazio metereologiko bat ere jarriko dugu, eguraldiaren berri izateko. Panelen bidez informatuko litzateke.

Parking inteligentea ere egin nahi dugu. Erregetxeko parkingean libre dauden plazak ikus araziko dira plaza bakoitzean sentsore bat jarriz, lurrean zulo bat eginda jarrita. Informazio hori panel baten bidez jakinaraziko litzateke herriko beste puntu batzuetan, herriguneko trafiko kongestioa gutxituz.

Azkenik megafonia jarriko da. Udalak emisore bat izango du edozein irrati emisora jartzeko zein edozein alerta abisu eman ahal izateko.

Berritzailea dena proiektu honetan da, aplikazio guztiak toki beretik kontrolatu eta kudeatuko direla. Horretarako nodo ezberdinak jarri beharko dira elizan egongo den antena batera bideratuz seinaleak eta antenatik udalera bideratuko da informazio guztia.

  1. Obrarik egin behar da?

Sare elektrikoa erabiltzen denez ez da obrarik beharko. Farolen buruak aldatu eta antena jartzea izango dira lanak.

  1. Ikerketa batzuek diote wi-fi uhinak kaltegarriak izan daitezkeela osasunarentzat.

Ez naiz medikua hori ziurtatzeko. Egia da halako ikerketak existitzen direla. Hori egia izanda ere, ez dira seinale handiak izango wi-fi puntuetan daudenak. Telefonia posteak, mugikorrak gure inguruan ditugu. Telefonoa belarrian erabiltzen ditugu eta uhin handiagoak dira horiek eta ez gara kexatzen.

Herritarrak subjektu inteligenteenak

Teknologiek bizimodua errazteko balio beharko lukete eta hauek duten garapen ikaragarriaren ondorioz azken urteetan asko aldatu dira gure bizitzak, garapen horren eraginen inguruko zalantzak sortzeraino. Alta, sarri ahaztu egiten dugu herritarrok garela subjektu inteligenteenak eta herriaren garapen eta kohesiorako subjektu nagusiak ere herritarrak garela.

Premisa horri erantzunez sortu da SMART proiektuko azken asmoa: telefono mugikorretarako Alkarrekin Soraluze aplikazioa. Herriari buruzko informazio guztia bertan bilduko da, sare inteligenteak ematen dituen mezuak ere baliatuz eta erakunde eta herritarren arteko uneko komunikazio zuzena ahalbidetuz. Herritarron parte hartzean oinarritu, guztion artean Soraluze biziberritzeko beste tresna bat.