Aitziber Mayo: “Auzo-konposta egitea norberak lurraren alde ale txiki bat jartzea da"

Hondakinen kudeaketa izango da gure jendartearen etorkizuneko erronka handienetako bat. Planetan irentsi dezakeena baino zabor gehiago sortzen dugu, behar baino gehiago eta modu ez eraginkorrean kontsumitzen dugulako. Planetaren mugak paseak ditugu aspaldi.

Auzo-konposta eredua hondakinen kudeaketarako esperientzia zahar-berria da. Zaharra diogu, gure herriko zaharrenak txikitan edo gaztetan konposta nola egiten zuten oroitzen direlako. Ezer asmatu gabe, sarri gure memoria kolektiboan ditugu egungo arazoen jatorriak eta horiei aurre egiteko bideak. Zaborra sortzen dugun heinean, erantzukizuna ere neurri batean norberarena dela onartuta, hondakin organikoak kudeatzeko konpromiso zuzena hartu dute Etxaburueta kaleko dozena bat familiak. Aitziber Mayorekin hitz egin dugu esperientziaren berri jakiteko.

6

  1. Zer da auzo-konposta?

Guk sortzen dugun hondakin organikoa konposta egiteko baliatzea. Lurretik atera ditugun lehengaiak berriz ere lurrari itzultzea nolabait. Hondakinak gune batean bota, lurrarekin nahastu eta usteltzen utzi, baina usteltze prozesu kontrolatu bat.

  1. Nolako esperientzia ari da izaten?

Proba piloto bat da. Lau konpostagailu daude baina bi erabiltzen dira txandaka. Konpostagailu bakoitzean hamar bat familia gaude gutxi gora behera. Pozik gabiltza. Batzuetan pereza ematen du, errazagoa izan daitekeelako kontenedore marroira botatzea. Baina honela, gutxiago kutsatzen dugu, kamioi gutxiago etorri behar direlako hau jasotzera eta gainera konposta erabili genezake, guk zein herriko beste edozeinek. Erabilera eman nahi badiozu zerbaiti beti aportatu behar du zerbait norberak ere eta tira, ez da hain zaila. Polita da.

  1. Zurrumurruak, usain txarra, arratoiak ekartzen dituela. Egia da?

Ez. Konposta ondo egiten bada ez du usainik botatzen nahiz eta usteltze prozesua den. Ez mamorrurik, ez usainik, ez arratoirik. Konpostagailua ermetikoki itxita dago eta arratoiek ezin dute zulatu. Tapa irekitzean beroa irteten da, fermentazio prozesuagatik, baina usainik ez. Eta ez neguan bakarrik. Udako beroekin ere ez du usainik bota. Pareko bizilagunak ere ez dira kexatu.

Lehen baserrietan ere egiten zen eta jende asko gogoratzen da horretaz eta gogoratzen dira ez duela usainik botatzen.

  1. Ze ekarpen egiten dio halako proiektu batek herriari?

Denok batera zerbait egitea. Auzolana. Denok egingo bagenu herri garbiagoa izango genuke. Kontenedore marroiak kendu ahalko lirateke adibidez eta kontenedoreek bai botatzen dutela usaina.

  1. Etxean gehiago birziklatzen duzula igarri duzu?

Bai. Heziketa prozesu bat da hondakin bakoitza ondo bereiztea. Umeekin egiten dugu sarri. Koloretako kuboak ditugu bereizten ikasteko. Ohitu egiten zara. Askoz errefusa gutxiago sortzen da. Konturatzen zara zenbat zabor sortzen dugun. Lehen egunero poltsa bat ateratzen nuen eta orain aldiz errefusa bi-hiru astean behin ateratzen dugu.

  1. Animatuko zenuke jendea auzo-konpostan izena ematera?

Bai bai. Beti saiatzen naiz jendeari esaten gu auzo-konpostan gabiltzala. Norberak ale txiki bat jartzea da. Zenbat eta gehiago izan eragin onuragarria ere handiagoa izango da.

Hiru urrats auzo-konposta egiteko

Etxaburueta kalean, Gabolats kalera jaisteko igogailuaren ondoan daude jarrita iazko ekainetik lau konpostagailu. 2015 eta 2016an beste lau auzo-konposta gune jarriko dira herrian esperientzia honen arrakasta ikusita. Honakoak dira konposta egiteko urratsak:

 

  1. Etxeko zabor organikoaren kuboa betetzean, konpostagailura joan eta bertan zabaldu behar da. Hondakinak bota ostean gainetik ondoko kutxa batean dagoen egituratzailea (lurra eta egur azalak) zabaldu behar da gainetik.

  2. Konpostagailua betetzean, itxi egiten da eta lauzpabost hilabetean heltze prozesua egiten utzi behar da.

  3. Behin materia organikoa helduta, banatu eta ortu zein lorategietan ongarri gisa erabili daiteke.