Ingurumen Hamabostaldia ospatuko da bihartik maiatzaren 30era arte

Tartean, maiatzaren 30ean II. Azoka Ekologikoa egingo da, Alkarrekineko Jasangarritasun Taldeak eta Bertatik Bertara taldeak antolatuta. Jakoba Errekondo paisajista ezagunaren hitzaldiaz ere gozatu ahal izango da.

HamabostaldiBerdea

Taldekideek azaldu dutenez, helburu orokorra ohitura jasangarriak eta kontsumo arduratsua bultzatzea da, egunerokotasuneko kontsumo aukerak zabalduz.

 

Horretarako, “eskura ditugun natur baliabideen ezagutza eta erabilera arduratsua sustatu nahi ditugu” alde batetik, hala nola landare desberdinen erabilera, elikagaien ekoizpena eta hondakin organikoen tratamendua eta berrerabilpena (konposta); eta bestetik “herritarren egunerokotasunean kontsumo arduratsuagoa eta iraunkorragoa sustatu nahi da” antolatzaileen esanetan, landa eremuen balioa azpimarratu eta azokaren bitartez herrian bertan edota eskualdean ekoizten diren produktu jasangarriez eta gauzatzen diren ekimen interesgarrien berri emanez.

 

PRESTATU DIREN EKINTZAK:

- Maiatzak 19: I. Sendabelar ikastaroa. Landareen ezaugarri eta erabilerari buruzko ikastaroa izango da. 18:00etan Antzokian

 

- Maiatzak 23: Konpost eta udaberriko lore banaketa. 12:00etan Zubi nagusian. Herrian

ia urte betez martxan dagoen auzo-konpostaguneko konposta herritarrei banatu eta konpost prozesua ezagutaraztea du helburu.

 

- Maiatzak 28: Jakoba Errekondo eta Marc Badalen Hitzaldia. Agroekologia, gure landa eremuen etorkizuna eta kalitatezko elikadura. 19:00etan Antzokian.

 

- Maiatzak 30: Azoka Ekologikoa produktu jasangarriekin.10:00etatik 14:00etara Zubi nagusian. Bertan aurkituko ditugun postuak: herriko artisautza eta eskulangintza, elikadura ekologiko, kosmetika, higiene, ukendu eta krema natural eta energia berriztagarri postuak. Azokaren helburua herriko edota inguruko herrietako produktuak (trazabilitate txikikoak), ekoizpen jasangarrikoak eta berrerabilpena nahiz birziklapena sustatzen dituztenak bultzatzea da.

 

- Maiatzak 30: Baratza ekologikoa balkoian ikastaroa. 10:00etatik 13:00etara. lorontzietan barazki eta landare desberdinak landatzen hasteko jakin beharrekoak ikasteko aukera izango dugu, hala nola, landareen funtzionamendua, ontzien kokapen eta orientazio egokienak, ureztapena, substratua eta ontzi egokiak, hazien kontuak, landaketak: Udazken-negukoa,Udaberri-udakoak etab.