75 proposamen jaso dira Debabarreneko aurrekontu parte hartzaileetan

75 horietatik 52k egingo dute aurrera eta ostegunean Elgoibarren egingo den eskualdeko bileran 10 hautatu beharko dituzte herritarrek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, Debabarrenean hurrengo lau urteetan 2.000.000 € zertan inbertitu erabakitzeko parte hartze prozesua jarri zen abian apirilean. Soraluzen maiatzaren 8an egin zen lehen bilera proposamenak egiteko eta dozena bat lagunek parte hartu zuten.

2015-04-28 aurrekontuak

Guztira 75 proposamen jaso dira apirila eta maiatzean zehar, herrietan egin diren bilera irekietan, postontzietan nahiz Internetez.

Proposamen horiek aztertu eta batzuk alde batera utzi dira, bi baldintza nagusiak betetzen ez dituztelako: gaia Foru Aldundiaren eskumenekoa izatea eta eskualde izaera edukitzea, hau da, herri bat baino gehiagotan garatzea. Beste batzuetan proposamenak elkartu egin dira, gai berari buruzkoak zirelako.

Kontuak kontu, 52 proposameneko zerrenda jarriko da mahai gainean hautatzeko. Gai edo arlo hauetan sailkatu dira proposamenak:

  • Berrikuntza eta jakintzaren sustapena
  • Landa garapena, mendiak eta habitatak
  • Turismoa
  • Berdintasuna, parte hartzea, euskara eta garapenerako lankidetza
  • Gizarte politika
  • Ingurumena
  • Kultura, gazteria eta kirola
  • Mugikortasuna eta bide azpiegiturak

Proposamen horietatik 10 aukeratzeko batzar irekia egingo da ekainaren 11an 18:30etan Elgoibarko Kultur Etxean. Batzarrean parte har dezakete Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluzeko herritarrek.

52 proposamen horietatik 10 lehenetsiko dituzte herritarrek. Ondoren, Foru Aldundiari hautatutako egitasmoen zerrenda bidaliko zaio, egitasmoen bideragarritasuna aztertzeko.