2015erako proiektuak eta ekimenak aurkeztu eta erabakiko dira zapatuko Batzar Orokorrean

Guztira 14 proiekturen ekimenak aurkeztuko dituzte Alkarrekineko lan taldeetako herritarrek eta udaleko teknikariek. Herritar guztiei irekia izango da eta proiektu zein ekimenei buruzko iritzia eman eta proposamenak egingo dituzte. 100 lagun baino gehiagok konfirmatu dute jada asistentzia.

Inflexio puntua izan nahi du azaroaren 22an, kiroldegian ospatuko den Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuaren Batzar Orokorrean. 9:30etan hasita, 2015erako erronkak ikusi, barneratu eta hauen gaineko iritzi eta proposamenak egiteko aukera izango dute gerturatzen den herritar orok.

Batzarrera deialdia egiten duen kartela.
 

Izan ere, Unai Larreategi Alkarrekinen koordinatzaileak azaldu duenez, “baditugu proiektuak, badugu zer egina eta bagara batzuk taldeetan antolatu eta ilusioz lanari ekin diogunak.” Gehiago ere izan daitezkeela konbentzituta azaldu da Larreategi, eta Batzar Orokor horrek horretarako aukera eman nahi du. Zapatuan aurkeztu eta onartzen diren proiektuak izango dora 2015eko aurrekontuen zutabe nagusia.

Herritar guztiei batzarrean parte hartzeko gonbidapena luzatu die Alkarrekinek. Izan ere, Alkarrekinek, “herritarrei erabakiak hartzeko modu horizontalagoan hartzeko boterea” ematen diela gogorarazi dute udaletik. “Herritarren ahalduntzea bilatzen du prozesu honek, guztion artean eraiki behar dugulako Soraluze eta lankidetza horrek, herritarron arteko kohesioa eta bizikidetza sustatzen dituelako.”

9:30etan hasiko da batzarra antzokian, eta ondoren frontoian 14 gune egongo dira prestatuta euren ponenteekin proiektuak azaltzen. Giro goxoan egingo da batzarra, kafez lagunduta, “bertaratutakoak gustura sentitzeko helburuarekin”. Ondoren luntxa egongo nahi duten guztientzat. Haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da.