Iritzia: "Zure ideiak esan, guztion artean erabaki eta guztion artean egin"

Unai Larreategi Alkarrekineko koordinatzaieak Soraluzeko herritar guztiak azaroaren 22an egingo den Batzar Orokorrean parte hartzera gonbidatu ditu. "Badakigu elkarlanak, lankidetzak, eskuz esku lanean aritzeak motibatu egiten duela. Gure ideiak garatzeko aukera ematen duela. Autoerrealizatuta sentiarazten gaituela. Harreman berriak sorrarazten dituela eta herria kohesionatzen duela. Komunitatea indartuz sentimendu komunitarioa hazi eta bizikidetza sendotzen dela."

 

Unai Larreategi

Irakurri gutuna osorik albistearen barruan.

Kaixo lagun,

Hasi gara herritarron artean Soraluze biziberritzen. Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuak herritarrok zer nolako herria nahi dugun pentsatu eta egiteko dugun gaitasunean sinetsarazi eta motibatu gaitu. Eta ez hori bakarrik, herria biziberritzeko nahia ere agerian utzi du.

Baditugu proiektuak. Badugu zer egina. Eta bagara batzuk taldeetan antolatu eta ilusioz lanari ekin diogunak. Baina sinetsita gaude gehiago ere izan gintezkeela. Badakigu elkarlanak, lankidetzak, eskuz esku lanean aritzeak motibatu egiten duela. Gure ideiak garatzeko aukera ematen duela. Autoerrealizatuta sentiarazten gaituela. Harreman berriak sorrarazten dituela eta herria kohesionatzen duela. Komunitatea indartuz sentimendu komunitarioa hazi eta bizikidetza sendotzen dela.

2015erako erronkak zehaztu nahi ditugu orain. Eta horretarako zita garrantzitsua dugu Azaroaren 22an. Alkarrekinen Batzar Orokorra ospatuko dugu. Bertan, gune ezberdinetan banatutako ponenteen bidez proposatzen diren proiektuak ezagutu eta ekarpenak egiteko aukera izango dugu gustu dugun herritar guztiok.

Zure ideiak esan, guztion artean erabaki eta guztion artean egin. Eraikitzen eta biziberritzen jarraitu daigun Soraluze alkarrekin. Hau hasi besterik ez da eta egin.

Soraluzetar oro gara beharrezko erronka honetan. Eta zu ere gonbidatu nahi zaitugu batzarrean parte hartu eta zure ekarpenak egitera. Guztion ideiak dira beharrezkoak.

Bertan elkar ikusiko garelakoan,

Besarkada bero bat.