Ingurumen Egunaren balorazio positiboa egin du Alkarrekinek

Uztailaren 5ean ospatu zen Ingurumen Eguna pasata, Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuko Jasangarritasun taldeak egunaren balorazio positiboa egin du. Kideen esanetan “goizean goizetik giro polita nagusitu zen Zubi Nagusiaren inguruan”, produktu ekologikoak zein berrerabilitako materialez egindako produktuak ikusi eta erosiz.

Azoka ekologikoak arrakasta izan du. 

Azpimarratzekoa iruditu zaie Jasangarritasun Taldeko kideei herriko zenbait artisauk ere azokan egoteko aukera izan zutela, eta harrera ona jaso zutela. Bestalde, arratsaldeko tailerrak ere jende kopuruz egokiak izan zirela eta “herritarrak orokorrean gehiagorako gogoarekin” geratu direla adierazi dute.

Egunari amaiera eman zion Kantu Afarian ere azkenan 80 bat lagun elkartu ziren frontoian. Guztien artean kantatuz ederki pasa zutela adierazi dute. Bestetik, herri afariak modu garbi eta jasangarrian egin daitezkeela ere demostratu dutela adierazi dute Jasangarritasun Taldeko kideek, garbiketa baldeetan modu kolektiboan eginez. “Beste herri afari edo bazkari batzuetara ere eredu esportagarria izatea” espero dute. Eskerrak eman dizkie era berean egunaren antolaketan lagundu zuten Kukumixoko kideei zein herritarrei.

Ontziratu Zaitez kanpainaren lehen zozketa hilaren 28an

Bestetik, Ingurumen Egunean eman zitzaion hasiera Ontziratu Zaitez kanpainari. Goizean 192 herritarrek hartu zuten euren tupperra eta kanpainaren nondik norako guztiak azaldu zituzten. “Herritarrek jarrera ona azaldu dute ekimenarekiko”, Alkarrekineko kideek azaldu dutenez. “Orain, gure ohiturak pixka bat aldatu eta erosketak tupperrarekin egitea da erronka”.

Lehen astea pasata, tupperra erabiltzeko deialdia luzatu dute ostera ere. Tupperrarekin erosketak egiteagatik egingo den lehen zozketa uztailaren 28an izango dela jakinarazi dute. Azkenik, ostegunean merkatu eguna dela aprobetxatuz, postua jarriko dute Alkarrekineko kideek Plaza Zaharrian, tupperrak saldu eta kanpainari buruzko informazio guztia eskaintzeko.