Etxeko zaborra atera dute gehienbat Ibailagun ekimenean

Larunbatean Ibai Lagun ekimena ospatu da laugarrenez Soraluzen. 40 lagun inguruk parte hartu dute ibai garbiketan. Parte hartzaileek esan dutenez, jasotako zabor gehiena etxeko hondakinak izan dira zabor industriala baino gehiago. Guztira 1000 litroko hiru zabor kontenedore bete dituzte hondakinez.

Parte hartzaileak bildutako zabor pilaren aurrean.

Zaborra jasotzeaz gain, Deba ibaiko biodibertsitatea eta uraren kalitatea neurtzeko aukera ere izan dute parte hartzaileek. Seinaledun ibai-karramarroaren (Pacifastacus leniuscus) presentzia ikusi dute parte hartzaileek, 25 metroko eremuan dozena-erdi karramarro aurkitu dira. Ezkailu arrain (Phoxinus phoxinus) ugari ere ikusi dira. Gaztetxoenek ostera, paitta arrautza bat ere topatu dute.  

Garbiketaren ostean Zero Zabor taldekoen eskutik tailer arrakastatsua burutu dute. Ibaiko uraren neurketa kimikoa egin dute kalitatea neurtzeko. Horren arabera uraren pHa 8 puntukoa dela frogatu dute, nahiko neutroa beraz nahiz eta Gatzagakoa baino alkalinoagoa izan. Gatzagako uraren pHa 7 puntukoa da, neutroena hain justu. Ibaiaren kolorea, usaina eta bizitza ere aztertu dituzte. Nahiz eta kolorea eta bizitza onak izan, usaina jarraitzen du izaten Deba ibaiaren puntu ahulenetakoa.