Zutik jarriko dute berriz ere Arribiribilletako zutarria

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek duela 4000 urteko egoerara itzuliko dute Arribiribilletako zutarria, Irukurutzeta mendian. Elosua-Plazentzia parke megalitikoan dauden monumentuak berreskuratu eta balorean jartzeko ekimenaren baitan egingo dute lan hori.

 

Arribiribilletako zutarria Irukurutzeta mendiko Kurutzezarra tontorrean dagoen harria da. Goragune harritsu batean kokatutako zutarria da. 2,5 m-ko diametroa eta 0,3 m-ko sakonera dituen zulo batean dago. 3,6 metroko altuera, 1,7 metroko zabalera eta 0,4 metroko lodiera duen zutarria da Arribiribilleta. Elosua-Plazentzia parke megalitikoan aurkitu diren aztarna arkeologiko megalitikoen artean ondoen kontserbatu denetako bat da bera.

Zutarriak Menhir izenez ere ezagunak dira. Hitza bretainieratik dator men (harri) eta hir (luze) hitzen baturatik. Horiek, zutik jarritako harri bakar gisa zein monumentu megalitiko handiegoen zati gisa kokatuak egon daitezke. Gainontzeko monumentu megalitikoek bezala, heriotzaren erritualarekin zerikusia dute zutarriek ere.

Arribiribilleta Brontze Aroko (K.a. 2500 urtetik k.a. 1000 urtera) zutarria da.  Inguruan kata bat egin zuten 1921ean J.M. Barandiaran, T. Aranzadi eta E. Egurenek zutarria Bergara eta Elgoibarren arteko mugarri gisa identifikatuz. Bere inguruan ikatza eta teila zatiak aurkitu zituzten. 2002an J. Altuna, L. del Barrio, A. Fernandez, K. Mariezkurrena eta A. Turrillasek trikuharri gisa salatu zuten. Azkenik, 2012an M.Ceberio eta J.Tapiak historiarreko zutarria zeal baieztatu zuten indusketa arkeologiko baten bidez.