Kiroldegiko ordutegia zabaltzeko proba epea azaroan debalde

Azaroaren batetik 30era bitartean, astelehenetik ostiralera, kiroldegiko ordutegia zabalduko da proba epe gisa. Kiroldegiko zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoz, ordutegia zabaldu nahi dute arduradunek, herritarren eskariei men eginez. Proba epea goizean goiz lehenago ireki edo eguerdietan zabalik mantendu behar den erabaki ahal izateko egingo da.

Kiroldegia.

Proba epean bazkideez gain bazkide ez diren herritarrek ere gozatu ahal izango dute kiroldegiko instalazio guztiez, doan. Hala, orain arte lan orduengatik zein bestelako arrazoiengatik kiroldegira joateko aukerarik izan ez dutenei ere aukera eman nahi zaie instalazioak probatzeko.

Honakoa izango da proba epeko ordutegia:

·         Igerilekua: 7:00etatik 20:30etara

·         Gainontzeko instalazioak: 7:00etatik 21:30etara

Proba epean jasotako erabilera datuen arabera, abendu hasieran erabakia hartu eta urtarriletik aurrera jarriko da abian ordutegi berria. Bestetik, eguneroko ordutegia zabaltzeaz gain, zapatu arratsaldetan ere zabaldu egingo da kiroldegia. Abuztuan ere, bost astez itxi beharrean bi astez itxiko da soilik.

Ordutegiez gain 2015ean zehar kirol instalazio berriak irekiko direla ere gogorarazi dute kiroldegiko arduradunek. Beraz, aukera hau aprobetxatu eta proba epean instalazioak erabiltzeko deia luzatu diete herritarrei, euren laguntza ezinbestekoa baita zerbitzuen kalitatea hobetzeko.