Alkarrekin indartuta atera da Batzar Orokorretik

 

150 herritar inguruk parte hartu dute batzar orokorrean, 2015erako ekimenen azalpenak entzun eta euren ekarpenak eginaz. Inflexio puntu garrantzitsua izan da batzarra. 2015erako zehaztutako ekimen guztiekin, parte hartu, erabaki eta egiteko espazioak martxan izango dira, Soraluze biziberrituz.

Garrantzia handikotzat jotzen zen gaurko batzarra eta erronka potoloduna, martxoan egin zen Batzar Orokorrean baino jende gehiago bildu eta aktibatzeko asmoa baitzuen. Lortutzat eman liteke hori, 150 lagun inguruk parte hartu baitute batzarrean, proiektuen azalpenak interes handiz jasoaz eta euren ekarpenak ere eginez.

Parte hartzaileak batzarra amaituta. Fernan Oregi.

 

Guztira 12 proiektutako ekimenak aurkeztu dira 12 lan taldetan. Aurrez ordea, Hiart Arluziaga alkateak ongi etorria eman die gerturatu diren herritarrei. 2014ko jaietan hainbat herritarrek antolatu eta egin zuten Jaialdi Kubatarra Alkarrekin analogiatzat hartuta ekin dio hitzaldiari. Izan ere, jaialdi hori herritarren parte hartzez, herritarrentzat egina izan zen. Hain justu Alkarrekin Soraluze Eginezek izan nahi duen eredu bera.

“Gero eta gehiago gara. Antzokia beteta ikusteak errespetu handia sorrarazten digu, prozesu honek duen potentzial handia demostratzen baitu” esan du Arluziagak. Udalak martxan jarritako iniziatiba izanda ere “lekukoa herritar guztiona da eta hori da prozesu honi sendotasuna eta bermea ematen diona. Zuek gabe hau ez litzateke posible” erantsi du.

Behin harrera eginda, 12 lan taldetan banatu dira gerturatutako guztiak, eta txandaka erlojuaren norabidean mugituz guztien azalpenak entzun eta ekarpenak egin dituzte. Giroa goxatzeko bolloak eta kafea ere izan dituzte eskura.

Hamabi proiektu, hamaika ekimen

Batzarrean azaldu diren proiektuak izango dira 2015eko aurrekontuen zutabe nagusia. Jarraian dituzue ekimen nagusiak proiektuka:

  1. Herri Identitatea

  • Herriko ezagutza kolektiboa osatzeko wikia sortzea, nahi duen herritar orok bere artxiboak igo eta konpartitzeko aukerarekin.

  • Bestetik, 2015ean Herri Antzerki bat egiteko asmoa azaldu dute. Herritarren parte hartzez egina, Soraluzeko umorea oinarri izanda.

  • 60ko hamarkadatik aurrera kanpotik Soraluzera etorri direnen testigantzak jasotzeko proiektua, euren bizipenak jasoz eta migrazio mugimendu horiek herriko identitatean izan duten eragina aztertuz. Guzti honen azken helburua, bizikidetzan eta herriaren kohesioan sakontzea dela azaldu dute.

  1. Jasangarritasuna

  • Birziklapenean sakontzeko ekimenak proposatu dituzte lehenik. Hondakinen mahaia osatuko da 2015 amaierarako %50eko birziklapen tasara iristeko hartu beharreko erabakiak hartzeko. Egun %37an gaude.

  • Auzokonposta gune berriak jarriko dira martxan. Hiru 2015ean eta beste hiru 2016an.

  • Berrerabilpen ohiturak sustatzeko, bigarren eskuko azoka antolatuko dute gabonen bueltan. Bestetik, herritar batek josten ikasteko ikastaroak, elektrikaritza minimoki ikasteko ikastaroak eta antzekoak antolatu daitezkeela proposatu du.

  • Azkenik, kontzientziazio kanpainak egingo dituzte uraren, garraioaren, birziklapenerako hezkuntzaren eta abarren egunen bueltan. Plastikozko poltsen erabilera murrizteko kanpaina ere abiatuko dute.

  1. Jarduera Fisikoa:

    Bi ekimen nagusi aurkeztu dituzte:

  • Kirol Eguna antolatuko dute udaberrian. Horren helburua ohikoak ez diren kirol praktikak sustatu eta emakumeen parte hartzea sustatzea izango dira. Kuadrilaka edo jolas giroan egitea aurreikusten dute.

  • Kirol instalazio berriak ezartzea. Kiroldegi gaina eta “U”ko zona urbanizatuta, padel pista bat eta pin-pon mahaiak egitea aurreikusten da urte amaierarako. Bertaratutakoek proposamenak egiteko aukera ere izan dute.

  1. Euskara Plana:

    Bost erronka zehazten ditu euskara planak 2014tik 2018ra bitartean.

 

  • Haur eta gaztetxoen erabilera sustatzea. %33k soilik erabiltzen dute euskara egunerokotasunean. Ama hizkuntza euskara soilik duten haurrak %3 dira eta beraz gaztelerarako joera handia da.

  • Ia euskaldunak direnak aktibatzea. Herritarren %21 dira eta bultzada txiki bat baino ez dute behar euskaldun oso izateko. Gainera, ulertzeko gai direnez gaur egundik beraiekin euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea posible da.

  • Gizarte bizitzan euskararen presentzia areagotzea. Hamar urtean %61etik %57ra jaitsi da euskaldun kopurua. Ez da ohikoa eta ondo aztertu beharrekoa da beraz.

  • Herriko hizkuntza aniztasunaren kudeaketa. Euskara edo gaztelera ez den hizkuntza darabilten herritarrak %5a dira. Aberasgarria da horri baina euskara etorkinentzat hizkuntza anfitrioia ez izateak, arazoak dakartza presentzian eta erabileran.

  • Euskaldunen sareak indartu beharra azpimarratu dute. Badira euskaraz bizi diren taldeak eta horiek zaindu egin behar dira.

5. Mendi eta ibaiak:

 

  • Ibaian hainbat ekintza jarri nahi dira martxan, berau balorean jarri eta berreskuratuz baina horretarako lehenik azterketa higienikoak egin behar direla azaldu dute. Batez ere, ibai hondoaren egoera aztertu beharra azpimarratu dute. Ekimen garrantzitsu gisa Sagar Errekako ur jauzia garbitu, balioan jarri eta bertarako bidea berreskuratuko da.

  • Ur txorrotez osatutako haur parkea jartzea aztertuko dute.

  • Dolemenen Ibilbidea indartuko dute, hau balioan jartzeko egiten diren ekimenen dibulgazioa eginez.

  • Galdutako zortzi mendi ibilbide dituzte identifikatuak eta horiek berreskuratuko dituzte.

6. Tokiko Garapena:

 

  • Herrian elikagaien produkzioa eta hauen kontsumoa sustatu eta baserriko kultura balioan jartzea izango da lehentasunetako bat.

  • Horretarako, kilometro zero ekimena, txanpon lokala sortzeko aukerak aztertu, produkzio ekologikoa sustatu eta herriko obradorea egitea bezalako ekimenak garatuko dituzte.

  • Bestetik, erleek duten garrantziaz jabetuta, hauek babestu eta ugaritzeko ekimenak pentsatu dituzte.

  • Industriari dagokionean, enpresek Udalarekin duten harreman sarea osatu eta indartu nahi da hauen garapena sustatzeko.

  • Merkataritzan, Bizikalerekin osatutako plan estrategikoaren garapenean urratsak emango dituztela azaldu dute.

  • Guzti hau kudeatu eta jarraipena egiteko Tokiko Garapenaren Batzordea sortuko dela adierazi dute, herritarrei irekia.

7. Oinarrizko Behar Sozialak:

Hasteko etxebizitzaren gaia alboratu egin dutela azaldu dute. Oso gai potoloa denez Etxebizitza lan taldea osatzeko proposamena luzatu dute. Beraz, pobrezia eta zahartzaroa izango dira lan ardatzak.

  • Zahartzaroari dagokionean, zaharren egoera nolakoa den jakiteko azterlana egingo da lehenik eta behin. Ondoren helburua, zahartzaro aktiboa sustatzea izango da, herriarekin eta belaunaldi gazteekin lotura eta transmisioa bermatuz.

  • Erresidentzian bolondres lana sustatuko dute zaintza duina bermatu eta herriarekin lotura mantentzeko.

  • Pobreziari dagokionean, beharrizan larria dutenei herriko komertzioetan kontsumitzeko 100 €ko bonoak banatuko zaizkie. Bestetik, elikagai bankua jarriko da martxan banaketa kriterio propioekin. Hemen ere bolondresen beharra azpimarratu dute.

  • Azkenik, esklusio sozialean dauden pertsonen inguruko topikoak landu eta desmontatzeko asmoz, Zurrumurru Tailerra egingo dute.

8. Berdintasun Plana:

II. Berdintasun Planaren nondik norakoak azaldu dituzte.

  • Lau lan lerro nagusi dituzte 2015erako: berdintasunean oinarritutako gobernantza eredua sustatzea, emakumeen ahalduntzea, erantzunkidetza sustatzea eta indarkeria matxista desagerraraztea.

  • Zaintza lanak ia esklusiboki emakumeen gain erortzen direla azpimarratu eta lan hauek balioan jartzeko beharra azaldu dute. Horrekin batera maskulinitate eredu berriak sustatu beharra azaldu dute.

9. Hirigintza Plan Orokorra:

Plan berriaren filosofia, eraikitzea baino dagoena errealibilitatzea dela azaldu dute.

  • Herrirako bi sarrerak, Mendiola industriagunekoa eta Sologoengoa hobetzea. Lehenengoan bidegurutze berria egingo da eta bigarrenean berriz rotonda bat.

  • SAPAn eta Santa Anako pabelloi zaharretan aparkalekuak egingo dira zentrotik kotxeak ateratzeko. Honela, erregetxean parkea egin ahal izango da.

  • SAPAn eta Albesako gunean plazak egingo dira. SAPAren zati bat etxebizitzak egiteko erabiltzea aurreikusten da.

  • Santa Anatik Olearako bidean dauden pabiloi zaharrak bota eta inguru guztia erreabilitatzea aurreikusten da.

  • Herrian kotxearekin buelta emateko poligonoraino atera beharrik ez izateko zubi berria egita aurreikusten da Baltegietatik Ezozi Bideko sarrerara. Gabolatseko zubia zabaldu eta honen eta Santa Anako zubiaren posteak kendu egingo dira uholdeen arriskua gutxitzeko.

10. Herriko Hezkuntza Proiektua:

Ikasketa zentro bakoitzetik harago, Herriko Hezkuntza Proiektua idazteko asmoa azaldu dute, hezkuntza eskolatik harago doan kontua dela ulertuta.

  • Sei lan ardatz zehaztu dira hezkuntza formala eta ez-formala batuta. Proiektuak guzti horiei norabidea eta orientazioa emango die.

  • Hezkuntza komunitatea saretu eta indartzea beharrezkotzat jo dute horretarako, jendarteak heziketa prozesuan duen eraginaz jabetu araziz.

11. Irisgarritasun Plana:

  • Plan berriak eraikinen barruan eta kalean egin beharreko aktuazioak biltzen dituela azaldu du.

  • Kaleari dagokionez, bi proiektu nagusi egingo dira hurrengo urteetan: Gabolatseko aldaparen berregokitzapena espaloia eta errepidea maila berean jarriz, eta Errabal kalean, Gaztelupetik autobus geltokirako zatian ere espaloia eta errepidea maila berean jarri, lur adokinatua ezarriz, autoen abiadura moteltzeko. Honela, bi eremu horietan oinezkoek izango dute lehentasuna.

    12. Smart City edo Herri Adimentsuaren proiektua:

  • Farolen argi linea, sare informatiko bilakatuko da interneteko aplikazioentzat. Honela, udaletik kontrolatuko diren megafonia, panel informatibo elektronikoak, wifi sarea eta abar jarri ahal izango dira martxan.

 

 

Argazkiak: Fernan Oregi