Zer da?

Soraluze biziberritzeko oinarriak jarri nahi dituen prozesua da Alkarrekin Soraluze Eginez. Herritarrei parte hartzeko, ideiak proposatu eta hauek garatzeko espazioak eskaini nahi dizkie. Herritarren ahalduntzea oinarri eta bide duen prozesua da Alkarrekin. Soraluze biziberrituko duen subjektua herritarrak baikara.

Nondik sortzen da horrelako prozesu bat garatzeko ideia?

Soraluze geldotzen, zahartzen… zihoala datuetan zein  pertzepzioetan ongi oinarritutako sentimendu nahiko zabaldua zen herritarren artean. Herria zein herritarrak “inpass” egoera horretatik atera eta herriaren alde aktibatzeko tresna da Alkarrekin.

Zergatik Alkarrekin Soraluze Eginez?

Parte hartzea da prozesuaren ezaugarri nagusienetakoa. Parte hartze anitza. Etxe batekoak edo bestekoak izan herriaren alde egin nahi duen edozeinentzat gustuko espazioa eraikitzen ari gara. Horregatik Alkarrekin Soraluze Eginez izena, eta batez ere “Alkarrekin”. Herritarrak, herriko eragileak, teknikariak zein zinegotziak, guztiak dira protagonista.

Zer irudikatzen du logoak?

Oinarri nagusia Deba ibaia da. Bi arrazoigatik: Alde batetik herri-gune guztia bere inguruan antolatuta dagoelako eta bestetik ibaiak ezaugarri interesgarriak dituelako. Bizitza dauka eta sortzen du, badator eta badoa etengabeko berrikuntza islatuz, beste herri eta pertsona batzuekin konpartitzen dugu eta horrek beste pertsonekiko, ama-lurrarekiko ardura eta begirunea lantzeko aukerak ematen ditu.

Ibaiari gainera ekarpen berezia egiten dio Soraluzek bere mendietatik datozen erreken bidez. Erreka bakoitzak berea, daukan onena ematen dio ibaiari. Ez dago erreka berdinik, pertsona eta ikuspegi berdinik ez dagoen bezala. Hori aberastasuna da. Desberdinak maitatzen ikastetik elikatuko dugulako berezi izatearen harrotasuna, herri zein pertsona moduan.

Zeini dagokio hau garatzea?

Lankidetza izango da Alkarrekin Soraluze Eginez garatzeko gakoa. Lankidetza norbanako herritar, herri eragile, teknikari zein instituzioen artean. Herritarrak ahaldundu, proposamenak egin eta hauek garatzeko bitartekoak jartzen ditu Udalak, autonomia sustatuz eta bermatuz. Herritar guztion zeregina da Soraluze biziberritzea. Ideiak esan, egin beharrekoak erabaki eta egin beharrekoak egin. Eraiki dezagun Soraluze alkarrekin.