Aurkezpena

Soraluze-Placencia de Las Armas (Gipuzkoa) Debabarrena eskualdeko udalerria da. 14,1 km2 ditu. Mendi artean, orografia malkartsuan kokatu dago. Deba ibaiak zati bitan erdibitzen du herria, itsarorantz egiten duen bidean zeharkatzen duen Debabarreneko lehen herria izanik. Itsas mailatik 110,38 metrora dago.

Soraluzek Elgoibarrekin egiten du muga ipar eta ekialdean, Bergararekin hegoaldean eta Eibarrekin mendebaldean. Udalerriaren mutur biak Mugarri-Ondarra, Bergara aldean, eta Maltzaga dira, Eibar eta Elgoibarrekin mugan azken hau.

XV. mendetik armagintzari estu lotutako herria izan da Soraluze. Hargatik du gaztelerazko izenak “de las Armas” izen-zatia, izen berbereko beste herri batzuetatik bereizteko alegia. Badira urte batzuk, ordea, herri honetan armarik egiten ez dela.

Soraluze airetik

Biztanleria

Joan zen mendearen 50eko hamarkadatik aurrera Soraluzeko populazioak gora egin zuen. Hazkundeak 1976. urtean jo zuen goia, 6.057 biztanlerekin.

70. hamarkadako krisi ekonomikoarekin batera, baina, biztanleriak beheranzko joera hartu zuen; 5.000 biztanle baino gutxiago zeuden 1990ean eta 4.000tik behera 2010ean. Geroztik, egonkortu egin da biztanle kopurua. Egun 3970 biztanle ditu Soraluzek.

Aipatzekoa da 65 urtetik gorako adin-tarteak daukan pisua, 900 biztanlerekin. Biztanleria osoaren %22,67 da hori, eskualdeko bataz bestekotik gora.

Jaiotza kopuruak, baina, hazi egin dira azken aldian. 2013an 34 haur jaio baziren, 2015ean jaiotakoak 40 izan ziren.

Kultur bizitza

Soraluze erdigunea

Parte hartzearen kultura oso berea du Soraluzek. Horren erakusgarri dira dauden Kultur talde anitzak zein urtean zehar antolatzen diren jarduera kopurua. Herriko elkarteen ekimenez kultur ekintza ugari bideratzen dira. Edozein gairen inguruan erraz biltzen den herria da Soraluze.

Talde gehienak adierazpen artistikoaren edo sorkuntzaren arloan dabiltza. Horri gehitu behar euskalgintzako eragileak zein nahiz eta euren jardueren esparru propioa kulturgintza ez izan, ekarpena egiten duten taldeak ere (Ikastetxeak, AEK, Korner Morea…).

  • Pil-Pilean Kultur Elkartea
  • Ezoziko Ama Abesbatza
  • Kontrargi Argazki Kolektiboa
  • Urrats Dantza Taldea
  • Danborrada Batzordea
  • Musika taldeak
  • Musika eskola
  • Gaztelupeko Hotsak
  • Galtzagorri Jai Herrikoen aldeko gazte mugimendua
  • Pintura tailerra
  • Antzerki tailerra
  • Euskal Jai Batzordea
  • Bertso Eskola
  • Soraluzeko Gazteria
  • Txistulari taldea
  • Auzoetako Jai Batzordeak
  • Galtzagorriak Txaranga
  • Soraluze 1936

Kultur ekintzak ere ugari izaten dira urtero. Urtero ehundik gora dira. Udalak 104 kontatu ditu urtebetean eta horri Soraluzeko Gazteriak antolatzen dituenak gehitu behar zaizkio.

Euskara ezagutza

Soraluzen, nahiz eta Gipuzkoan egon, mendebaldeko euskalkia da bertako hizkuntza. Alta, eragin handia izan du bere erabilera eta ezagutzan industrializazio prozesuak.

Euskararen egoera moteltzen ari da Soraluzen azken urteetan. Euskara gaitasunak 80ko hamarkadatik gora egin badu ere, azken hamarkadan beheranzko joera ari da hartzen berriz ere. Euskaldunak 2001ean biztanleen %61 izatetik 2011n %57 izatera pasa da. Ia euskaldunen kopuruak berriz gora egin du, %19tik 21era.

Euskararen ezagutzaren ikuspuntutik, sektore ahulena 35 eta 64 urte artekoa da, %45a baita euskalduna eta %30a ia euskalduna. Haurren artean %88a da euskalduna eta 15 eta 34 urte arteko gazteen %68a da euskalduna. %16 dira ia euskaldunak.

Euskara hizkuntza gaitasuna Soraluze 2011

Euskararen erabilerak behera egin du azken urteetan eta haurren eta gazteen artean nabarmentzen ari da joera hori. Etxeko hizkuntza gisa ere behera egiten ari da euskara. Ondorengo grafikoan, Soraluzeko hiztunen etxeko hizkuntzaren bilakera, 1991-2011.

Euskara etxeko hizkuntza Soraluze 1991-2011

 

Ekonomia

Eskualdean bezala industria sektorea da pisu ekonomiko handiena duena. 2000. urteaz geroztik pisu hori pixkanaka ahuldu eta merkataritzak indarra hartu du herrian.

Krisiak gogor kolpatu duen herria da Soraluze. Horren erakusgarri dira langabezia tasak izan duen gorakada eta jarduera ekonomikoaren geldotzea.

Sektorekako portzentajezko ekonomia-egitura ondorengoa da:

 

INDUSTRIA                    SERVICIOS                     CONSTRUCCIÓN                 AGRICULTURA

50,10                              46,10                                   3,40                                  0,40

 

Herriko enpresa txikiek (1-9 langile artean) sortzen duten enplegua  %35,56 da, industria establezimenduek duten bataz besteko langile kopurua 12,04 delarik.

Nekazaritzak tokiko ekonomian duen eragina txikia da. Orografia eta partzela txikiko nekazaritza lurrak izateak zaildu egiten dute produkziorako aukera.

Okupazio tasa bailarako baxuenetakoa da. Langabezia tasa, aldiz, %16 baino gehixeago da, 575 direlarik lan bila dabiltzan herritarrak.

Pobreziari dagokionean, 2015ean 185 familia-unitatek jaso dute Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) eta 29k Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Diru sarrerak Bermatzeko Laguntza (AGI). Udalak Jaurlaritzaren laguntzaz ematen dituen Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (AES), berriz, 89 familiak jaso zuten.

Halaber, 2015. urtean zehar, 327 pertsonari banatu zaio Gurutze Gorriak kudeatzen duen Europako Gizarte Funtsak ematen duen janaria.

Urte berean 302 pertsonari banatu zaie janaria Oiartzungo elikagai bankutik eta 180 laguni Bergarakotik.