Historia

Lehen aztarnak

Gure barruti jurisdikzionaleko lehen pertsona-aztarnak, Mazelaegiko kordalaren gailurrerian kokatuta dagoen Soraluze-Elosua Aztarnategi Megalitikoan agertu dira. Mazelaegi, gaur egun "mendi-gain" izenez ezagutzen dugun tokiaren toponimo zaharra da. Eneolitiko-Brontze kultur sekuentziari egokitzen zaion lehen berri honek arazoak agertzen ditu kronologikoki kokatzeko, Megalitoen garaiak epe luze eta zabala hartzen duelako bai kronologikoki eta bai geografikoki. Dena den, gutxi gora-beherako data emanez gero, Kristo aurreko III. milurtekoan koka daiteke.

Horren ondoren, Erdi Arora arte ez da gure herrian giza iharduerari buruzko inongo erreferentzia edo aztarnarik agertzen. Hala eta guztiz ere, ez du horrek esan nahi giza asentamendurik izan ez zenik. Antzinateko geografoek, hala nola, Ptolomeo, Estrabon, Pomponio Mela eta abarrek, emandako erreferentziei esker jakin badakigu gure eskualdean Karistiarrak, Deba eta Nerbioi ibaien artean kokaturiko etnia, bizi zirela. Benetan bitxia da oraindik ere hasierako kokapen horren aztarnak geratzen direla egiaztatzea; esate baterako, bizkaieraren egungo esparruak antzinako karistiarren mugekin bat egiten du.

Erromatarrek sortu zituzten administrazio-egitura zaharren arabera, gure eskualdea Kluniko "conventus" delakoan sartzen zen. Egitura horiek Erdi Aroan ere iraun zuten, batez ere elizmugapeetan, horregatik gure udalerria garai batean Durangoko artzapezgoaren menpe izan zen.

Bisigodoen inbasioa etorri zenean, baskoiek aurre egin zioten haien monarkiari eta, datu guztien arabera, badirudi aipatu ditugun administrazio-muga erromatarrak orduan aldatu zirela, gure eskualdea Cantabria izena hartu zuen lurralde bati lotuta geratu zelarik. Izen berri horren arrastoek Aro Modernora arte iraun zuten gure inguruan; gure arma-industriak, esate baterako, sarritan "Reales Fábricas de Armas de Cantabria" izena hartzen zuen.

Geroago eta Goi Erdi Aroan zehar ere, gure eskualdea Arabako konterrian txertatu zen eta testuinguru horretan, Deba Behea itsasorako irteerarik hurbilena eta antzina Gipuzkoa zenaren muga izan zen; horregatik, XIV. mendean Elgoibar, Eibar eta Soraluzeri hiri?gutunak eman zizkietenean, bere eskualdea Markina izen orokorraz ezagutzen zen. Lurralde-aldaketa etengabeak eta batean nafarren eta bestean gaztelarren agindupean egon zen konterri zabal hau, edukitzazko edo administrazio?erakunde txikiko erregimen baten bidez gobernatu zen. Horrela bada, 1053ko diploma batean, Deba arroa ere barruan hartzen zuen Durangaldeko eskualdearen buru, Munio Sancho izeneko konte bat agertzen da -"comite Munio Sançis in Turanko"- Gartzia nafar erregearen izenean -"regnante rege Garsea in Pampilona et in Najera et in Alaba et in Castella Vetula.."-.

1135etik 1199ra bitartean, gure eskualdeak garai egonkor bat bizi izan zuen nafarren menpe, nahiz eta nafar eta gaztelar erregeen artean sortutako lurralde-gatazkak bizi-biziak izan, batez ere Santxo VI.aren eta Gaztelako Alfontso VII.aren artekoak eta baita bien ondorengoen artekoak ere. Horien ondorio izan zen 1179an erresuma bien arteko bake?tratatua sinatu beharra eta, haren arabera, Durangoko edukitza edo probintzian kokaturiko Deba Beheko Markina ezarri zen mugatzat -"Insuper ego idem Adefonsus, rex Castelle, quitavi vobis Sancio, regi Navarre, el successoribus vestris, Alavam in perpetuum pro vestro regno, scilicet de Ichiar et de Durango, intus existentibus..."-. Aipatu dugun aldi horretan Ladron eta haren seme Vela konteak izan ziren erregeren izenean gure eskualdearen edukitza izan zutenak.

1200 urteko lehen egunetan, Gaztelako Alfontso VIII.ak Nafarroako erregek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurraldeak Gaztelako koroan sartzea lortu zuen, Gasteiz setiatu zuenean. Horrek gure eskualdeari eragin zioten beste botere-harreman eta lurralde-zehaztapen batzuk ekarri zituen eta baita geroago, udalerria Gipuzkoako probintziaren barruan behin-betirako kokatzea ere. Horrela bada, Alfontso VIII.ak, 1212ko Navas de Tolosako gatazkan eskainitako zerbitzu bikainak saritzeko asmoz, Durangaldea eman zion Diego Lopez de Haro jaunari, bere Bizkaiko jaurerriari gehi ziezaion. Bitartean, Deba bailara "inorena ere ez" bailitzan geratu zen bertako botereen jurisdikziopean: Elgoibarko Olasotarren jurisdikziopean Markina izendatutako gure eskualdea eta Oñatiko Gebara kontearenean aipatu ibaiaren goi-ibilgua.

Zenbait soraluzetarren adierazpenak jasotzen dituen 1594ean Valladoliden argitaratutako liburu batek dioenez, 1165. urte inguruan Santxo VI.a Jakintsuak jurisdikzio honetako Iruren bizi zen bere senide bati egin zion bisita eta bere lurraldeak ikusteko probetxatu zuen. Hortaz, berri honek adierazten duenez, XII. mendean bazegoen biztanleria sakabanaturik, oraindik zehaztu gabe zeuden gure muga jurisdikzionaletan.

Giza ihardueraren hurrengo arrastoa Lizaso izeneko probintziako antzinako kronista batek ematen digu. Hark dioenez, 1207rako Soraluzen bazegoen eliza bat; beraz, inguruan giza asentamendurik izango zen, gero sortuko zen hiri-gunearen lehen hazia seguruenez. Eliza horri buruzko erreferentziak berriro 1263 eta 1297an agertzen zaizkigu, Gaztelako errege-erreginek bere patronatutza Elgoibarko Olaso etxeko ahaide nagusiei berretsi ziela eta.

Baina hiri-populaketa eta udal antolakuntza eraginkor baten lehen berria gorago aipatu dugun Valladoliden argitaratutako liburuak ematen digu; bertan adierazten denez, 1339. urtean Pedro Ruiz de Agirre zelakoa herriko alkate zen.Garai horretan gure hiria Markina izena hartzen zuen lurralde-batasunarekin bat eginda zegoen oraindik, hau da, egungo udalerriak ondoko Eibar eta Elgoibar hiriekin batera osatzen zuen batasunarekin. Durangaldeko edukitzatik kanpo geratu zen, berau, Durangaldea, XIII. mendearen lehen laurdenean Bizkaia nuklearrak bereganatu zuelako, gorago adierazi dugunez. Elgoibar eta Soraluze Markina yuso edo behekoan sartu ziren, Eibar, berriz, suso edo goikoan; hortaz, argi eta garbi egiaztatzen da herri hauek jatorriz Bizkaiko lurretan kokatutako botere-gune politiko baten menpe zeudela.

Herriaren sorrera

Geroago, handik lau urtera, 1343ko urriaren 15ean, Gaztelako Alfontso XI.ak hiriaren konstituzioa ofizialdu zuen Algeciraseko tokian hiri-gutuna emanez. Badirudi, erregeren mesede hori bizilagun batzuen eskariz lortu zela, Beltran Velez de Gebara merino nagusiaren gidaritzapean Algecirasen musulmanen aurka borrokatzen ari zirenen eskariz, alegia.

Antzinako kronistek diotenez, pribilegio horrengatik -gaur egun galdua- erregek hiria fundatzea eta harresitzea eskatu zien Herlaegia eta Soraluzeko biztanleei. Logroñoko foruaren prerrogatibak eta zegozkien barrutiak eman zizkien eta horiekin batera Placencia izena ezarri.

Ez dakigu zeintzuk izan ziren izen hori jartzeko arrazoiak, baina seguruenez, erregeren bihozberatasunetik etorriko zen, "ut placeat"etik; dena den, ez dugu ahaztu behar Alfontso XI.aren gortean "Erregeren Kontseilua"k, hau da, bere aholkulari?talde txikiak batez ere garai hartan izan zuen eragina, mairuen aurkako kanpainak zirela eta lan ugari burutzen bait zuten. Testuinguru horretan, Extremadurako Placenciako (gaur egungo Plasencia) gotzain zen Benito jaunaren eragina handia zenez, baliteke hark bere gotzain-hiriaren izena ipini izatea.

Gure herriak hiri-gutuna jasotzeak, argi eta garbi adierazten du Bizkaiko lurretatik zeharo bananduta zegoela; izan ere, urte batzuk lehenago, 1299an, Bizkaiko kostaldeko beste hiri batek pribilegio berberarekin izen bera hartu bait zuen -gaur egungo Plentziaz ari gara-, eta ezinezkoa zen lurralde bereko bi herriri izen bera ematea.

Erregeren baieztapena jaso ondoren, gure hiriak Gipuzkoara hurbilduko zuen prozesu bati ekin zion, besteak beste, Alfontso XI.aren ondorengoen arteko gerra zibilek lagunduta. Horiek, zenbait eskualdetan, aldaketa geopolitikoak (neurri handi batean "mercedes enriqueñas" zeritzenengatik) eta leinu handiak, hala nola, Haro, Lara eta abarrenak, behera etortzea ekarri zuten.

Eibar, Elgoibar eta Deba Garaiko beste hirigune batzuekin batera, benetan mugatua zen beren lehengo batasun geopolitikoa alde batera utzi eta 1397an Getariako San Salbador elizaren koruan egin zen batzarrera joan zen Soraluze; hantxe mamitu zen egungo Gipuzkoaren hazia. Batzar horretara gure herria PLACENCIA DE SORALUZE izenarekin joan zen eta pertsona berak ordezkatu zituen Eibar eta biak. Hala eta guztiz ere, eliz esparruari dagokionez -politikoa baino askoz ere aldagaitzagoa-, Durangaldearen inguruan jarraitu zuen, harekin antzina izan zituen loturen seinale.

Garai honetan, XIV. mendearen azkenaldea, garrantzi handiko lanak burutu ziren, esate baterako, zurezko parroki eliza zaharra, harrizkoa egitea. Dena dela, obra horren arrastoak oso urriak dira, elizaren egungo egituraketa XVI.aren bigarren erdian eta XVII.aren lehen zatian egin ziren obren ondorio delako, nahiz eta arkupea eta kanpandorrea, lehena 1666an eta bigarrena 1686an eraikitzen hasi. Gainera, eraikuntzarako materialik gehiena, oraingo Errekalde kaleko lehen zenbakien atzekaldean zeuden harrobietan eskuratzen zuten.

Armaginen herria

XV. mendean, gure hirian izugarrizko garrantzia hartuko zuen iharduera bat hasi zen ernaltzen eta hain izan zen garrantzitsua, ezen abizentzat hartu zuen. ARMA-INDUSTRIA da.

Bistakoa da, gure hiriak dituen ezaugarri fisiko bereziak lagungarri izan zirela arma-tailerrak kokatzeko balio izan zuten sutegiak sortzeko. Armagintzak hartu zuen indarra hain handia izan zen, non koroak -bere bezero nagusiak- produkzioa zaintzeko begiraleak izendatu zituen. Horrela bada, 1573an lehen errege-biltegia ezarri zen ofizialki, mende hasieran Andres Garcia de Uribarri eskribauak (horregatik esaten zaio "Uribarrikua") egungo Rabal, 10 kalean eraikitako etxean. 25 urte lehenago, toki bera erregeren ofizialek errentan hartzen zuten produkzioa pilatzeko. Zeregin horren adierazle, oraintsu arte herriak etxe horri deitzeko "Erregetxe zarra" izena gordetzen zuen. Beste aztarna bat, hau fisikoa eta ikusgarria, armak garraiatzen zituzten lauoinekoek egarria kentzeko erabiltzen zuten "aska" izan zen, duela urte gutxi zoritxarrez bota egin zutena.

Baina arma-produkzioak izan zuen gorakadaren aurrean, "erregetxe zarra" delakoa zaharkituta geratu zenez, soraluzetarrek beste "erregetxe" bat eraiki zuten Plaza Zaharraren gainean, pilota-leku zaharra zegoen lekuan. Eraikuntz lanak 1804ean hasi ziren eta 1807an bukatu, gero arma-industriak behera egin zuenean, erabilpenik gabe zegoela eta, bota egin zuten orain dela bosturteko gutxi. Armagintzan gure udalerria ezezik, ondoko herriak ere aritu ziren. Dena delarik, XIX. mendera arte behinik behin, gure hiria izan zen eskualdeko arma-gunerik nagusiena, gero bata bestearen gainean pilatu zitzaizkion zirkunstantzia gaizto askoren ondorioz nagusitasun hori galdu egin bazuen ere.

Erregearen Arma-fabrikei eta beren arrimoan sortuz joan zen gremio-sistemari 1865ko errege-agindu bitartez eman zitzaion amaiera behin-betikoz. Alta, horrek ez dakar berarekin armagintza desagertzea, urte batzuk lehenago  eraikitzen hasita baitzegoen, Baltegieta kalean, “Euskalduna” izeneko enpresa pribatua. Tailer moderno hau eraikitzeko orduan, zeresan handia izan zuten herriko armagin Jose Ignacio de Ibarrak eta “Zuazubiscar, Isla y Cía” Madrilgo elkarte pribatuak. Ejerzitoarentzat arma ugari egin zuen fabrika honek, sona handiko “Remington” fusilak bereziki. Handik gutxira, baina, 1873an, bigarren karlistada hasi zen eta borrokan ziharduten talde biek fabrika hau bereganatzeko ahalegin ugari egin zuten. Gerrateak berak eta gerratearen ondorengo egoeraren gogortasunak hartaratuta edo, “Euskalduna” enpresa disolbatu egin zen. Lantegia kanoi eta ametrailadorak egiten zituen “Maxim, Nordenfel Company Limited” ingeles kapitaleko konpainiak eskuratu zuen. Urte batzuk geroago, XX. mendearen hasieran,  “Vickers” enpresak ersosi zuen lantegia eta “The Placencia de las Armas Company Limited” izena jarri zion. Azken enpresa honek eraikitakoak dira Sagar-erreka aldeko herriko sarreran dauden pabilioi berriak. Handik urte batzuetara “Sociedad Anónima Placencia de las Armas” enpresak, “Kañoi fabrikia” moduan ezagunagoa denak, hartu zuen ingelesen lekua. Urte horietan guztietan lantegi handi honetan herriko eta inguruko herrietako ( Eibar, Bergara, Elgoibar, Azkoitia…) makina bat langile aritu da lanean. Langile hauetako askorentzat ikastokia izan da SAPA, beren kontura aritu direlarik ondoren.

Bukatzeko, aipatu, XIX. mendeko herriko armagintzaren ikur izan direnak, Plaza Zaharraren gaineko “Erregetxea” eta “Euskalduna” lantegi zaharra, 1976. urtean bota zituztela. Azkena zegoen tokian kiroldegia egin zuten geroago.

Industria XX. Mendetik Gaur Egunera

XIX. mendearen hondarreko krisialdiak apenas eraginik izan zuen Soraluzen, arma-industria sendo eta modernoa baitzen bertakoa. Horren lekuko da "Euzcalduna" lantegi handia, 1862an sortu eta urte gutxira ingeles kapitalaren esku geratu zena.

Soraluzeko herria 1873ko gerratetik zein mende bukaerako krisialditik onik irten zenaren froga da 1896.ean herriak 2.000 biztanleen muga gainditu izana.

XX. mendearen bigarren hamarkadakoak dira Soraluzen torlojugintzaren lehen aztarnak. Berau izango du aurrerantzean herriak diru iturri nagusia, apurka-apurka armagintzari tokia janez; eta beronek emango dio egun oraindik herriak ezaugarri bezala duen industria izaera.

Egia da 1929. urtean oraindik hogeita hamar arma-tailer zeudela herriak. Gerra zibila amaituta, ordea, torlojuak egiten hasi ziren tailer horietako asko. Sasoi horretan indar handia hartzen zebilen torlojugintza, goia 60. hamarkadan jo zuelarik.

Modu horretan, jatorriz arma-enpresa zirenak, Inocencio Madina, Eugenio Argarate, Sandalio Barrenechea, Juan María Arizaga, Amuchastegui eta Sacia kasu, torlojuak egiten hasi ziren. Enpresa hauek ikaragarri hazi ziren eta pabilillo handiagoak eraiki zituzten 50. eta 60. hamarkadetan. Hamarkada horietan herrira iritsi ziren etorkinak bertan aurkitu zuten lana.

Beste batzuek, Pascual Churruca adibidez, gomazko ferragintza apurka-apurka alde batera utzi eta torlojugintzan hasi zen, eta horretan darrai gaur egun ere.

Gainera, soto eta etxebarruetan torlojugintzako tailer ugari sortuz joan zen, famili enpresak gehienak, langile gutxikoak.

Nolanahi ere den, arma-tailerren artetik batzuk bestelako produktuen aldeko aukera egin zuten eta arrakasta izan zutela esan behar da. Trefilazioan, kalibrazioan edota nekazaritzako tresneria egiten aritu ziren. Lete eta Aranguren dira tailer horietako bi. Biek ala biek lantegi handiak eraiki zituzten 60. hamarkadan.

Torlojugintza herriko industriaren jardín nagusia zen mendearen bigarren zatian, nahiz eta armagintzak bazuen artean presentziarik, SAPAri eskerrak batez ere, non langile askok ziharduen lanean. Beste enpresa batzuk ehizako eskopetak egiten jarraitu zuten, Larrañaga, Sucesores de E. Arizaga-k aurrena eta Sarasqueta y Cía-k (Indesal gero) beranduago.

Bestelako zereginetan jardun zuten enpresak ere ez ziren gutxi izan, ezta txikiak ere. Makinak egiten zebiltzan Sacia eta Osuma, langile askorekin. Alberdi Hermanos enpresak tailer handiak eraiki zituen Errekalde kalean 50. hamarkadan, kutxiloak egiteko.

Ingurua ikaragarri gogor astindu zuen, ordea, 80. hamarkadako krisialdiak. Inbertsioak asko murriztu izanak, produktuaren dibertsifikazioak eta beste arrazoi batzuk enpresa handi hauen eta hauentzako lanean ziharduten tailer txikien azkena ekarri zuten.

Sin embargo, fueron varias las tornillerías que prosiguieron con su actividad y hoy en día siguiente vigentes, tales como Pascual Churruca, A. Urrestarazu, A. Mendicute, C. Mendizábal, Aras, Treviño Hermanos, Iterga, Lasher, Laga, Vda. de Azcarate, Uzkate, L. Ariznabarreta, Oruesagasti, etc.

Hala ere, torloju-enpresa batzuek bizirik irautea lortu zuten eta gaur egun ere zabalik jarraitzen dute. Pascual Churruca, A. Urrestarazu, A.Mendicute, C. Mendizábal, Aras, Treviño Hermanos, Iterga, Lasher, Laga, Vda. De Azcarate, Uzkate, L. Ariznabarreta, Oruesagasti, etab. dira horietako batzuk.

Enpresa handi horietako batzuk irauteko ahalegin ugari  egin zuten, baina ahalegina antzua gertatu zen eta desagertu egin ziren azkenerako. Horixe gertatu zen, esate baterako, Lete, Sacia, Alberdi Hermanos edota armagintzan ziharduten enpresekin. Bizirik atera zen bakarrenetakoak ere, SAPAk, hasiera batean Euscalduna izan zenak, 2005.urtean herria utzi eta Andoainera eraman zituen langileak, 145 urte eta gero.

Amaitzeko, aipatu behar dira azken urteetan eraiki diren  industria gune berriak, non enpresa moderno eta indartsuak kokatu diren. Horietako batzuk inguruko herrietatik etorri dira,, Irazola eta Galvanizados Arrate esaterako, beste batzuk, berriz, herrigunetik joan dira bertara, makina-tresnak egiten dituen “Unamuno”, burdindegiko artikuluak egiten dituen “Fer”, edota torlojugintzan diharduen “Gol”, kasu. 60. hamarkadan sortutako azken enpresa hau herriko enpresarik garrantzitsuena da gaur egun.

Dudarik ez da azken urteetako aldaketek indartu egin dutela sektorea, errotu egin dute industria eta dibertsifikatu ( gaur egun torlojugintza industria-jardueraren %40 da gutxi gora-behera), zerbitzuen sektorean ere gora egin du langile kopuruak. Honi guztiari gehitu behar zaizkio herrian azken aldian eraiki diren azpiegitura berriak, eraiki diren etxebizitzak, aisiguneak, ibaiaren erabateko birsorkuntza, etab. Herriak hobera egin du nabarmen eta horrek bertan bizi direnen bizitza kalitatea hobetzea ekarriko du, gure txoko maite hau aukera eta etorkizun oparoko herri bihurtuz.