Ibilbideak

Dolmenen ibilbidea

Soraluzek mitoz beteriko iragan harrigarria du. Karakate eta Elosua mendi ibilbidean duela 4.000 urte baino gehiagoko trikuharri eta dolmen kontzentrazio handia dago. Lehenengo indusketak Aita Barandiaranek berak egin zituen 1921ean eta Aranzadi Zientzia elkartekoak gaur egun berau balioan jartzeko lanean hari dira.

Horren adibide da, 2014ko irailean Arribiribilletako zutarria berriz ere zutik jarri izana garai batean zuen posizio originala berreskuratuz. Horrez gain, monumentu gehiago aurkitzen jarraitzen dute.

Dolmenen Ibilbideak, PR-Gi 94, 20 kilometro dauzka eta Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak lotuz.

Ikuspegi ederrez gozatu ahal izango duzu gainera, Euskal Herriko ipar eta hego isurialdea bereizten dituen mendi lerro osoko ikuspegiekin alde batetik eta itsaso alderako ikuspegiekin bestetik.

Informazio gehiago www.debabarrenaturismo.com eta www.aranzadi-zientzia.org webguneetan aurki dezakezue. Baita PDF honetan ere (3 Mb).

Bide gorria

Eusko Trenbideak konpainiak 1967. urtean utzi zion Debarroko goiko aldean tren-zerbitzua eskaintzeari. Handik urte batzuetara, 1986an hain zuzen ere, Maltzaga-Zumarraga arteko trenak Soraluzeko udalerrian zeharkatzen zituen lurrak erosi zizkion Udalak FEVEri.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegorrien Foru Plana abian jartzearekin batera, trenbidea bidegorri bihurtzeko lanak hasi ziren 2002. urteko amaiera aldera. Bidegorriak mugikortasun jasangarria bultzatzea zuen helburu, herri barruko nahiz herrien arteko joan-etorrietan bizikletaren erabilera areagotzea eta aisialdia, kirola, turismoa eta baserri ingurunearen ezagutza sustatzea.

Soraluze eta Bergara elkartzen dituen bide berri hau Soraluzeko Olea auzoan hasten da eta 1.370 metro egiten ditu herriko lurretan, harik eta, Bergarako udalerrian dagoeneko, Egotza errekarekin bat egiten duen arte. Handik, Osintxuko auzora jarraitzen du bideak.

Bidegorriaren ezaugarrien artean aldaparik ia ez daukala da azpimarratzekoa. Hiru metro da zabal tartetik gehienean eta asfaltoarekin ederki jarrita dago. Deba ibaia alde batera daukanez, eta erortzeko arriskurik egon ez dadin, egurrezko hesia dago bidearen zati batzuetan.

BTT ibilbidea

Mendi bizikleta zalea bazara, Soraluze inguruko mendiak kirol horretaz gozatzeko aukera paregabea dira. Euskal Autonomia Erkidegoko lehen BTT ibilbidea bertan ezarri zen Debabarreneko BTT Zentroa. Abiapuntua Elgoibarko Mintxeta kirolgunean dago. Bertatik, 15 ibilbide ezberdin ateratzen dira bizikletan eskarmentu handia dutenentzat batzuk, eta familientzat beste batzuk.

Informazio gehiago www.debabarrenaturismo.com eta www.btteuskadi.net atarietan aurki ditzakezue.

Esku-orri honetan ere informazio zehatza aurkituko duzue (PDF, 2.5 Mb).

BTT ibilbidea

Sagar erreka

Errepide komarkalean Maltzagatik etortzean, bariantearen hasieran eskuinaldean karril bat dago errepide hori utzi eta herrirako bidea hartzeko. Irteteko STOP egin behar da bariante horrek eratzen duen tunela pasatu baino lehen.

Gune horretatik -antzina Igarate- eskuinerantz auzo barruan gaudela esan daiteke eta baita Sagar-Errekarako errepidea hasten dela ere. Errepide horrek 7 km-ko igoera du Azurtzaraino, eta hemendik, hormigoizko pista batetik joanda Eibartik Elgetarako bideaz bat egiten da.

Errepideak erreka handi eta garbi bati jarraitzen dio ibilbide gehienean zehar, Sagarraga errekari hain zuzen ere, eta horri zor dio zonaldeak izena.

Sagar-Errekatik ezer nabarmentzekotan, errekaz gain, dagoen landaredi jori-joria da, antzinako udal zabortegitik aurrera batez ere; zabortegi hori gaur egun itxita dago eta behinola Sagarraga etxea zegoen errota eta guzti. Era berean, ez dira baztertzekoak errekaren alde bietan dauden alderdi zoragarriak eta batipat ibilguaren goialdekoak.

Interesdun beste gune bat Emeterio eta Zeledonio Santu Martirien baseliza da, herrian San Martzial izenez ere ezagutzen dena. Sagar-Errekatik joaten da bertara eta antzinako Ernizketa etxearen ondoan, muino batean, dago; bertatik hiria ikusten da erabat. Baseliza honetan, urtero, irailean, antzinatik datorren "Karidade eguna" ospatzen da. Bertan, San Martzialen taila bat dago eta Santu Martirienak bi, multzo orokor errenazentista baten barruan. Taila horiek, batzuen ustez Oñatin bizi zen eskultore batenak dira: Pierres Picart-enak. Baseliza honetara joateko ezkerrera dagoen saihesbide bat hartu behar da, industria kokaturik dagoen zonalde bat pasa ondoren, Sagar-Erreka auzoko azken hiri-etxearen parean.