Auzokonpostako konposta banatuko da zapatuan
Ekainetik hondakin organikoekin konposta egiten jardun dute Etxaburuetako kaleko 12 familiatako bizilagunek. Prozesua amaituta, zapatuan auzokonposta gunean egindako konposta banatuko dute herritarren artean.
Lau konpostagailu jarri ziren iazko ekainean Etxaburueta kalean, babes ofizialeko etxebizitzak eta Gabolats kalera jaisteko igogailuaren artean. Horietako bitan hasi ziren konposta egiten 12 familian. Irailean goraino beteta zeudenez, itxi eta hondakinen heltze prozesuan egon da orain arte. Konposta egina dago eta bizilagunek izan arren berau hartzeko lehentasuna, asko dagoenez, nahi duten herritarrek jaso ahal izango dute.
Beste bi konpostagailuetan irailetik ari dira hondakin organikoak botatzen. Zapatuan itxi eta hurrengo hilabeteetan banatuko da bertan heldutako konposta ere.
Bizilagunek eta udalak, esperientziaren balorazio oso positiboa egin dute. Norberak sortzen dituen hondakinekiko arduratsu izan eta modu jasangarrian lurrari berreskuratzeko aukera ederra dela azaldu dute.
2015ean beste hiru auzokonposta gune jarriko dira herrian.