Deba ibaiari buruzko erakusketa

2017/01/18
Deba ibaian jaso eta erregistratutako uraren soinuak eta ibaiari lotutako bestelako kontuak entzun eta ikus daitezke gaurtik hilaren amaierara arte Ibar Oihar izeneko erakusketan.

Gipuzkoako urak soinu bidez erregistratzeko egitasmoa da Ibar Oihar, eta dagoeneko bi emaitza eman ditu: Ibar Oihar webgunea batetik, eta izen bereko erakusketa bestetik, Deba ibaiari eskainiak biak. Egitasmoa Gipuzkoako Ur Kontsortzioak garatu du, Cristina Enea Fundazioarekin eta AudioLab-ekin elkarlanean.

Gipuzkoako ibaien soinuen erregistroari eta soinu-mapa egiteko proiektuari Deba ibaiak eman dio hasiera. Leintz-Gatzagan sortu eta Deban itsasoratu arteko bidean, makina bat grabazio egin dira, ibaiaren izaera eta bere ingurunearen ezaugarriak soinu bidez erregistratzeko. Horiek denak http://gipuzkoakour.eus/IbarOihar/ webgunean daude entzungai, soinu ezberdinak atalka sailkatuak (natura, mekanikoa, urbanoa, gizartea, elkarrizketak, bioakustika…).

Ibaia soinu bidez erregistratzearen ondorioz sortutako material eta hausnarketa guztiak berriz, ikusgai daude Ibar Oihar erakusketa ibiltarian. Bertan, Deba ibaiaren soinu- mapa kontsultatu eta bertako soinuak entzuteko aukeraz gain, bisitariak Deba ibaiari lotutako informazioa eskura dezake zenbait modulu eta panelen bidez, hala nola Deba ibaiak gatzarekin duen harremana, bere nabigagarritasuna edota ibaiak bailarako industriarekin izandako harreman estua, besteak beste.

Erakusketa ibiltari hau kiroldegiko erakusketa gelan ikusgai izango dugu urtarrilaren 18tik  31 arte.