Ibilbideak

Dolmenen ibilbidea

Soraluzek mitoz beteriko iragan harrigarria du. Karakate eta Elosua mendi ibilbidean duela 4.000 urte baino gehiagoko trikuharri eta dolmen kontzentrazio handia dago. Lehenengo indusketak Aita Barandiaranek berak egin zituen 1921ean; bera izan zen ibilbidea "Dolmenen ibilbide" moduan izendatu zuena.

Ondare eta paraje aberatsak

Dolmenen Ibilbideak, PR-Gi 94 izendapenarekin, 20 kilometro dauzka eta Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerriak lotuz.

Ikuspegi ederrez gozatu ahal izango du Dolmenen Ibilbidea ezagutzera datorren bisitariak, Euskal Herriko ipar eta hego isurialdea bereizten dituen mendi lerro osoko ikuspegiekin alde batetik eta itsaso alderako ikuspegiekin bestetik.

Ibilbideak edertasun eta balio handiko kultur eta historia ondarea dauka. Dolmenen Ibilbidean gure arbasoen aztarnak ikus daitezke, Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa osatzen duten tumulu eta dolmen multzoa. Dolmen hauek Karakate, Irukurutzeta eta Agirreburuko tontorrek marrazten duten mendilerroan sakabanatuta daude. Ikuspegi ederrek, are interesgarriagoa egiten dute ibilbidea.

Deskargatu liburuxka (3,3MB PDF)

Deskargatu ibilbideaGoogle Earth (73 kB) y GPS (1,2 MB)

Debemen Garapen Agentziak ibilbidea eta bertako dolmenak ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen ditu urtero.

Elosua-Plazentzia megalitotegia

Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa Karakate-Irukurutzetan dago. Mendilerro hori Karakate mendian hasten da, Irukurutzeta gailurra zeharkatzen du, eta Bergarako Agerreburu gailurreraino doa.

Geologiaren aldetik, ur azpiko sumendien erupzioetatik datozen materialez osatuta dago mendilerroa; besteak beste, kuxin formako labak (edo "Pillow labak") eta arroka bolkanikoak. Hala ere, mendebaldean nagusi dira kareharri hareatsuak, tuparriak eta kareharri tupatsuak.

Mendilerroak Soraluze, Elgoibar, Azkoitia eta Bergara udalerriak zeharkatzen ditu, eta Karakate eta Irukurutzeta arteko zatia Soraluze eta Elgoibar udalerrietan dago.

Mendi hegaletan baserri ugari daude, abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarritutako bizimodu tradizionalaren lekuko direnak, eta paisaiari itxura bereizgarria eman diotenak.

Koniferoen baso-ustiapena mendi osoan nabarmena bada ere, goialdean bada oraindik natur balio handiko pagadi bat, bertako jatorrizko landaretzaren adierazgarri. Bestalde, larreez gain gailurretan badira garoa, otea eta txillarra.

Karakate-Irukurutzetan inbentariatuta dauden aztarnategi arkeologiko bakarrak eta ibilbideari izena ematen diotenak megalitoak badira ere, oso litekeena da beste motako aztarnategiak ere egotea inguru horretan.

Azpimarratu behar da monumentu horiek antzinatik ezagutzen direla eta haien inguruan kondaira ugari sortu direla euskal kulturan, megalitoek bertako jendartean betidanik piztu baitute jakin-min handia.

Elosua-Plazentziako monumentu megalitikoek laster erakarri zuten lehenengo ikertzaileen arreta. Haietako gehienak J.M. Barandiaranek identifikatu zituen 1920 eta 1921 artean, eta T. Aranzadiren eta E. Egurenen laguntzarekin, 1921 eta 1922 bitartean indusatu zituen.

Gaur egun 19 monumentuk osatzen dute Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa (9 tumulu, 8 trikuharri, zista bat eta monolito bat). Monumentu horiek guztiak historiaurreko lehen nekazari eta abeltzainek eraiki zituzten hiletak egiteko duela 7.000 eta 3.000 urte bitartean.

 

Bidegorria

Eusko Trenbideak konpainiak 1967. urtean utzi zion Debarroko goiko aldean tren-zerbitzua eskaintzeari. Handik urte batzuetara, 1986an hain zuzen ere, Maltzaga-Zumarraga arteko trenak Soraluzeko udalerrian zeharkatzen zituen lurrak erosi zizkion Udalak FEVEri.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegorrien Foru Plana abian jartzearekin batera, trenbidea bidegorri bihurtzeko lanak hasi ziren 2002. urteko amaiera aldera. Bidegorriak mugikortasun jasangarria bultzatzea zuen helburu, herri barruko nahiz herrien arteko joan-etorrietan bizikletaren erabilera areagotzea eta aisialdia, kirola, turismoa eta baserri ingurunearen ezagutza sustatzea.

Soraluze eta Bergara elkartzen dituen bide berri hau Soraluzeko Olea auzoan hasten da eta 1.370 metro egiten ditu herriko lurretan, harik eta, Bergarako udalerrian dagoeneko, Egotza errekarekin bat egiten duen arte. Handik, Osintxuko auzora jarraitzen du bideak.

Bidegorriaren ezaugarrien artean aldaparik ia ez daukala da azpimarratzekoa. Hiru metro da zabal tartetik gehienean eta asfaltoarekin ederki jarrita dago. Deba ibaia alde batera daukanez, eta erortzeko arriskurik egon ez dadin, egurrezko hesia dago bidearen zati batzuetan.

Sagarrerreka

Errepide komarkalean Maltzagatik etortzean, bariantearen hasieran eskuinaldean karril bat dago errepide hori utzi eta herrirako bidea hartzeko. Irteteko STOP egin behar da bariante horrek eratzen duen tunela pasatu baino lehen.

Gune horretatik -antzina Igarate- eskuinerantz auzo barruan gaudela esan daiteke eta baita Sagar-Errekarako errepidea hasten dela ere. Errepide horrek 7 km-ko igoera du Azurtzaraino, eta hemendik, hormigoizko pista batetik joanda Eibartik Elgetarako bideaz bat egiten da.

Errepideak erreka handi eta garbi bati jarraitzen dio ibilbide gehienean zehar, Sagarraga errekari hain zuzen ere, eta horri zor dio zonaldeak izena.

Sagar-Errekatik ezer nabarmentzekotan, errekaz gain, dagoen landaredi jori-joria da, antzinako udal zabortegitik aurrera batez ere; zabortegi hori gaur egun itxita dago eta behinola Sagarraga etxea zegoen errota eta guzti. Era berean, ez dira baztertzekoak errekaren alde bietan dauden alderdi zoragarriak eta batipat ibilguaren goialdekoak.

Interesdun beste gune bat Emeterio eta Zeledonio Santu Martirien baseliza da, herrian San Martzial izenez ere ezagutzen dena. Sagar-Errekatik joaten da bertara eta antzinako Ernizketa etxearen ondoan, muino batean, dago; bertatik hiria ikusten da erabat. Baseliza honetan, urtero, irailean, antzinatik datorren "Karidade eguna" ospatzen da. Bertan, San Martzialen taila bat dago eta Santu Martirienak bi, multzo orokor errenazentista baten barruan. Taila horiek, batzuen ustez Oñatin bizi zen eskultore batenak dira: Pierres Picart-enak. Baseliza honetara joateko ezkerrera dagoen saihesbide bat hartu behar da, industria kokaturik dagoen zonalde bat pasa ondoren, Sagar-Erreka auzoko azken hiri-etxearen parean.