Indusketa-lanetarako boluntarioak

2016/09/08
Aranzadi Zientzia Elkartea boluntario bila ari da Karakate-Irukurutzeta mendilerroan dagoen Gizaburuagako tumuluan indusketa-lanetan laguntzeko.

Aranzadi Zientzia Elkarteak indusketa arkeologikoa egingo du mendigaineko Gizaburuagako tumuluan, eta bertan lanean jardungo duten elkarte horretako kideei laguntzeko boluntario bila ari da.

Gizaburuagako tumulua Karakate-Irukurutzeta mendilerroan dago. J.M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an eta 2003. urtetik monumentu gisa babestuta dago. 10 m-ko diametroa eta 0,3 m-ko altuera du tumuluak. Orain Aranzadi Zientzia Elkarteak indusketa arkeologikoa egingo du bertan eta horretarako boluntarioen bila dabil. Ahal dela Soraluzeko herritarren laguntzaz burutu nahi dira lanok eta, horregatik, lehentasuna emango zaie lanetan parte hartu nahi duten herritarrei.

Irailaren 19an hasi eta urriaren 4ra bitarte iraungo dute indusketa lanek. Lanak goiz eta arratsaldez egingo dira astelehenetik larunbatera. Helburuadatumuluaren ezaugarriak ezagutzea eta egitura honi buruzko ahaliketa informazio gehien lortzea, ondare arkeologikoa babestu eta berreskuratu nahian.

Aranzadiko kideen gidaritzapean, gehienez 7 laguneko boluntario taldea arituko da indusketa lanetan. Otordua eta lanerako materiala bertan emango zaie boluntarioei. Interesatuek izena eman dezakete Aranzadiren 943 46 61 42 telefonora deituz (9:00 - 14:00) edo idazkaritza@aranzadi.eus helbidera idatziz. Soraluzeko herritarrek lehentasuna izango dute.

Gizaburuagako tumuluaren indusketa arkeologikoa Soraluze, Elgoibar eta Bergarako Udalek sustatu dute, Debegesa Garapen Agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza dauka.