Eguraldi iragarpen eskasa dela eta, plan aldaketa izan da Euskal Aratosteetan
Fernan_Oregi

Eguraldi iragarpen eskasa dela eta, plan aldaketa izan da Euskal Aratosteetan

2026/02/12
Eguraldi iragarpen eskasa aintzat hartuta, erdigunean barik, eskola inguruan eta eskolako patioan egingo dituzte Euskal Aratosteen hainbat ekitaldi.

Biharko, barixakua, otsailak 13, eguraldi iragarpenak euri arriskua ematen duenez, Euskal Aratosteetako talde eragileak Plaentxi Herri Eskolarekin batera erabaki du egitarauan hainbat aldaketa egitea.

Kalejirarik ez da egingo eta ekitaldia eskolako patioan izango da, arratsaldeko lauretatik aurrera. Emanaldian parte hartuko dute Plaentxi Herri Eskolako maila guztietako neska-mutikoek: Txatxoek, Zirtzilek, Joaldunek eta Zakuzaharrek.

Hortaz, honakoa izango da biharko aurreikusitako egitaraua:

  • 14:30ean, mozorroak janzten amaitu, Plaentxi Herri Eskolan.
  • 14:45ean, argazki maratoia, Plaentxi Herri Eskolan.
  • 15:15ean, kalejira eskola inguruan (euririk ez bada, momentuan erabakiko da).
  • 15:45ean, eskolako patiora igotzeko ateak ireki.
  • 16:00etan, dantza eta musika emanaldia.
  • 16:30ean, Latuna Bando txarangarekin eta Marrasekin batera, kalejira eskolako ataritik Plaza Zaharrera.
  • 16:45ean, txokolate jana, Plaza Zaharreko karpan.
  • Jarraian, Latuna Bando txaranga kalez kale.
  • 18:30ean, plaza dantzak, Plaza Zaharreko karpan.

Antolakuntzan jardun duen Euskal Aratosteetako talde eragilea jakitun da plan aldaketak mugak dituela; hori horrela izanik ere, ahalegin handia egin du Euskal Aratosteen eguna ahalik eta ederrena izan dadin eta haurrek goza dezaten. Hortaz, familia eta herritarrei gonbita luzatu nahi die egunean zehar antolatutako ekintzetan, kalejiran, bereziki, parte har dezaten.