Korrika kulturalaren egitarauaren baitan egingo da aurtengo Zuhaitz Eguna
plaentxia.eus

Korrika kulturalaren egitarauaren baitan egingo da aurtengo Zuhaitz Eguna

2026/02/19
Udaleko Ingumen eta Landa Garapen Batzordeak, Baso Biziak Elkarteak, Lurgaia Fundazioak eta herriko eragileek elkarlanean antolatu dute otsailaren 28rako Zuhaitz Eguna, Korrika Kulturalaren baitan.

Azken urteetan egiten duten moduan, Zuhaitz Eguna antolatu dute Soraluzeko Udaleko Ingurumen eta Landa Garapen Departamentuak, herriko Soraluzeko Baso Biziak Elkarteak eta Lurgaia fundazioak, aurten, herriko hainbat eragilerekin (Gaztelekua, Atxolin eta Keixeta Guraso Elkarteak eta AEK) batera.

Aurtengoan gainera, Korrika kulturaleko lehenbiziko ekimena izango da Soraluzerentzat.

Otsailaren 28an, goizeko 9:00etatik aurrera egingo da aurtengo edizioa; Urkiazelain elkartuko da bolondres taldea eta Azkarabeitiako iturri inguruan egingo dituzte landaketak.

Izen-ematea, otsailaren 26ra arte

Landaketan parte hartu nahi izanez gero, mezu elektroniko bat bidali beharko da info@lurgaia.org helbidera izen-abizenak, adina eta herria adieraziz; mezuaren gaian otsailak 28 Soraluze jarri behar da edo galdetegi hau betez zuzenean. Izena emateko azken eguna otsailaren 26a, eguena, izango da. 

Lurgaiak antolatutako landaketaren batean parte hartzen den lehen aldia izanez gero, boluntariotza akordioa sinatu beharko da. Hiru eredu daude eskuragai: 18 urtetik gorakoentzako, 14 eta 18 urte arteko pertsonentzako eta 14 urtetik beherakoentzako. Horretarako, Lurgaia.org atarian topa daitekeen galdetegia osatu eta sinatu behar da: boluntariotza akordioa.

Arropa egokia eta antolaketa

Antolakuntzak parte-hartzaileei eskatzen die mendiko edo uretarako botak, arropa erosoa eta euritako arropa eramateko. Halaber, ura  eramatea ere gomendatzen dute; eskularruak eta lanerako tresnak antolakuntzak ipiniko ditu, eta landaketekin bukatu ostean, hamaiketakoa ere eskainiko du parte-hartzaileentzako.

Bazkal ordurako etxera itzuliko dira parte-hartzaileak.

Antolatzaileek soraluzetar oro animatu nahi dute Zuhaitz Egunean parte hartzera, ume, gazte zein heldu.