Urriaren 15a Dolu Perinatalaren Nazioarteko Eguna dela aintzat hartuta, "Aitatxo" dokumentala proiektatuko da urriaren 26an
Gaur urriaren 15a, Dolu Perinatalaren Nazioarteko Eguna da. Egun honetan haurdunaldian, erditzean edo jaio ondorengo lehen egun eta asteetan haurren bat galtzen duten familiek bizi duten dolu isila eta mina ikusgarri egin nahi dira.
Seme-alabaren bat galdu duten herriko familia guztien mina aitortuz eta bizipen horri bere lekua emanez udaletxeko balkoian ere Esku Hutsik bandera ezarri da.
Esku Hutsik Euskal Herriko hainbat gurasok sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. Haurdunaldiko dolua, dolu perinatala edo jaioberrien heriotzagatiko dolua bizi izan duten edo bizitzen ari diren familiei laguntza ematea helburu du. Familiartekoei eta familia horien doluarekin zuzeneko harremana duten profesionalei ere laguntza ematen die, baina batez ere ume baten heriotza bizi izan duten familiak artatzen dituzte.
Aitatxo dokumentala
Gaba Baltzeko egitarauaren barruan, heriotzari lotutako dokumental emanaldia egingo da helduentzat urriaren 26an. Esku Hutsik elkarteak sustatu eta lagundutako dokumentala da aipatutakoa.
Gainera dokumentala ikusi ostean tertulia gidatua egingo da Anakotz Lasarte zuzendariarekin eta Iosu Elorza herrikidearekin batera. Haien bizipenak elkarbanatuko dituzte eta doluari aitaren begiradatik begiratuko zaio.
Tokia: Herri Antzokia
Sinopsia
Seme-alabaren bat galdu duten lau aiten testigantzaren bitartez, dokumental honek aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Bakoitzak egoera honi nola aurre egin dion azalduko da dokumentalean, gizarteak duen genero begirada apurtuz. Ama gutxietsi gabe, aitei hitza emanez horrelako egoeren aurrean, esperantza mezu bat zabalduz.
Trailerra
Aitatxo dokumentalaren trailerra.
Antolatzaileek herritar oro animatu nahi dute dokumentala ikusi eta tertuliara batzera; eta batez ere seme alabaren baten galeragatik dolu prozesua bizi dutenei gonbidapen berezia egin nahi zaie tertuliara.
