'Soraluzeko Dantza eskola' sortu da eta izen-ematea astelehenean zabalduko da
Dantza eskolaren helburua da herriko ume eta gazteei dantza praktikatzeko aukera zabala eskaintzea da, bai bertako plaza dantzak (euskal dantza tradizionalak) eta baita dantza garaikidea ere (modernoa, komertziala…). Aurkezpenean azpimarratu dutenez, "dantzaren bidez gorputzaren, garunaren eta emozioaren arteko elkarrizketa sakona gertatzen da eta baita pertsonen arteko sinkronia ere, horrek dakarren onurarekin".
Eskolaren bultzatzaileen asmoa da urtean zehar dantza ikasgelatik kalera eta plazara ateratzea; aurrerago zehaztuko dute noiz eta nola.
Bi irakasle
Eskolak bi irakasle izango ditu eta irakasle bakoitzak dantza disziplina bat emango du: Miren Hazasek plaza dantzen eskolak emango ditu eta Irene Vazquezek, berriz, dantza garaikidearenak. Biak dira eibartarrak, dantzariak eta dantza irakasle trebatuak. Hazas Eibarko Kezka dantza taldeko dantzaria da eta esperientzia luzea du adin guztietako herritarrei euskal dantzak irakasten, besteak beste, berak dihardu ematen helduentzako plaza dantzen ikastaroko eskolak herrian. Bestetik, Vazquezek bi disziplinak praktikatu ditu eta pasa den ikasturtean dantza garaikideko eskolak eman ditu Soraluzen.
Izen-ematea astelehenetik aurrera
Izen-ematea astelehen goizean zabalduko da eta online egin beharko da, formulario bat beteta. Bertan LH1etik hasi eta 18 urte bitarteko ume eta gaztetxoek eman ahalko dute izena.
Astelehenean 2026-2027 ikasturterako eskolaz kanpoko ikastaroen informazioarekin batera hainbat izen emate ere irekiko dira Soraluze.eus webgunean, tartean, dantza eskolarena eta bertatik eman ahalko da izena. Dantza eskolaren egutegia, ordutegiak, tarifak... eta gainontzeko informazio guztia ere asteleheneko albistean kaleratuko da.
Azkenik, Udalak eta Urrats Dantza Taldeak herriko familia, ume eta gazte guztiak animatu nahi dituzte dantza eskolan izena ematera, datorren ikasturtean “dantzaz gozatu eta Soraluze dantzan jartzeko”.