Joan den zapatuan bi soraluzetarrek jasotako txakurren erasoaren aurrean, adierazpena kaleratu du Soraluzeko Udalak
Pasa den zapatuan, martxoaren 21ean, txakur baten erasoa jaso zuten Soraluzeko bi herritarrek Karakate inguruan. Soraluzeko Udalak babes osoa adierazi nahi die pertsona erasotuei eta dagoeneko helarazi die udalaren esku dagoen guztia egiteko prestutasuna.
Ertzaintzak dagokion txostena ireki du eta txakurraren jabea identifikatu dute. Erasotuek salaketa jarri dute eta, ondorioz, abian jarri da dagokion prozedura judiziala. Salaketa horrek egingo duen bideaz gain, Udalak ere abian jarriko ditu bere esku dauden neurri eta prozedurak.
Gertatutakoaren larritasunaren jakitun, Udalak ezinbestekotzat jotzen du erasoan parte hartu duten txakurrekin beharrezko neurriak hartzea. Era berean, Udalak dei egin dio txakurren jabeari premiazko neurriak bere borondatez har ditzan.
Ez da udalerrian horrelako erasoak gertatzen diren lehen aldia. Hori horrela izanik, Udalak txakur-jabeei gogorarazten die haien erantzukizuna dela animaliak behar bezala lotuta eta kontrolatuta izatea, bereziki arriskutsuak izan daitezkeen edo zaintza-lanetan aritzen diren arrazako txakurrak.
Soraluzeko Udalak lanean jarraituko du gure lur eremuko bizikidetza segurua bermatzeko. Edozein gertaera, intzidentzia edo erasoren aurrean, herritarrei eskaera egiten die udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko.