Sarrigurengo hilketa matxistaren aurrean gaitzespen irmoa eta elkarretaratzeko deia

Sarrigurengo hilketa matxistaren aurrean gaitzespen irmoa eta elkarretaratzeko deia

2026/02/23
Soraluzeko Udalak gogor salatzen eta gaitzesten du barixakuan, otsailaren 20an, Sarrigurenen (Nafarroa) emakume bat erail izana eta beste bat larri zauritu izana. Beste behin, aldarrikatu nahi du emakumeen aurkako erasoak giza eskubideen urraketa larri eta onartezinak direla.

Sarrigurenen (Nafarroa) 28 urteko emakume bat hil zuten eta beste bat larri zauritu zuten ostiralean. Erailketa larri honekin lotuta 30 urteko gizonezkoa atxilotu dute, giza hilketaren delitua egotzita. Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina. 

Gertaera honek 2026ko lehen hilketa matxista markatu du Euskal Herrian. Datuek argi erakusten dute ez dela ekintza isolatu bat, arazo estruktural bat baizik. Eta beraz, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena erakusten du Sarrigureneko emakumearen hilketaren aurrean. 

Udalak azpimarratu nahi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela agerian uzten, eta arazo horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturalean dagoela. Era berean, nabarmendu nahi du arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik. Horregatik, gizarteari dei egiten dio, bere osotasunean, berdintasunaren aldeko borrokan bat egitera eta elkarrekin jardutera.

Bukatzeko, Soraluzeko Udalak biktimaren senide eta lagunekiko elkartasuna azaldu nahi du, eta irmotasunez adierazten du lanean jarraituko duela berari dagokion eremuetan emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko erantzukizunarekin. Hori dela eta, herritarrei dei egiten die, gaur astelehena, OTSAILAren 23an, 19:00etan Plaza Barrixan egingo den kontzentrazioan parte hartzera.

Indarkeria matxista pairatzen ari bazara edo zure inguruko norbait egoera horretan badago, hona hemen laguntzarako kontaktuak:

  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ):  900840111 (24 ordu/51 hizkuntza)
  • Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016
  • Udaltzaingoa: 943753024
  • Ertzaintza Bergara: 943534720
  • Larrialdiak: 112
  • Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943 75 00 56
  • Soraluzeko Berdintasun saila:berdintasuna@soraluze.eus