
Ur-txorroten parkean egokitzapenak egiten ari dira asteon, zapatuan zabaltzeko prest izan dadin
Uda-garaia eta beroa atarian, Etxaburueta kaleko ur-txorroten parkean egokitzapenak egiten ari dira langileak astelehenetik, ekainaren 9tik, astebururako zabaltzeko prest egon dadin.
Hobekuntza berriak
Iaz zenbait hobekuntza egin ziren ur-txorroten parkean; hala nola, pergola bat eraiki, bankuak zaharberritu eta iturri bat ipini. Aurtengo egokitzapenak ere ildo beretik joango dira eta Kimubat enpresako langileak arduratuko dira haietaz. Lanon helburua da alde batetik, egurrezko pergolan itzala sortzea, eta bestetik, lurrean kautxoa botatzea, bertan eseri edo etzal ahal izateko.
Horretaz gain, udal brigadako beharginek ur jolasak egokituko dituzte sasoi hasierarako puntuan egon daitezen.
Lanek 5.606,3€ko kostua izango dute, gehi BEZ eta bihar, eguena, amaitzea aurreikusten da. Hortaz, ur-txorroten parkea zapaturako, ekainaren 14rako zabaltzea espero da.