Zesta-punta ikastaroa eta buruz buruko zesta-punta jaialdiaren final laurdenak Soraluzeko Arane kiroldegian
Soraluzeko Udaleko Kirol Sailak adin guztietarako zesta-punta ikastaroa eta maila goreneko pilotarien partidak antolatu ditu datorren asteotarako. Uztailaren 20, 21 eta 22an egingo da ikastaroa; partidak, ostera, Santa Ana eta Santiago jaien programazioaren baitan kokatuko dira, uztailaren 25ean.
Gipuzkoan sortu zen zesta-punta edo jai-alai pilota jokoa duela 140 urte eta kultur ondare hori berreskuratu, bultzada eman eta Soraluzetarrei ikuskizun berezia aurkezteko parada eskaintzen du ikastaro eta jaialdi zikloak.
Zesta-punta ikastaroa
Hiru eguneko zesta-punta ikastaro trinkoa eskainiko da uztailaren 20, 21 eta 22an, zortzi urtetik gorako edozein herritarrei zuzenduta. Zortzi laguneko lau taldetan banatuko dira saioak, adinaren arabera antolatuta, eta bakoitzak ordubeteko saio bana izango du hiru egunean zehar. Denera, 32 herritarrendako lekua egongo da ikastaroan.
Dagoeneko eman daiteke izena zesta-punta ikastaroan; horretarako, ondorengo galdetegia bete beharko da: izen-ematea
Lekua: Arane kiroldegiko pilotalekua

Final laurdenak jokoan, Aranen
Open Jai Alai maila goreneko buruz buruko txapelketako final laurdenetako bi partida jokatuko dira Arane pilotalekuan Santa Ana eta Santiago Jaien programazioaren baitan, hain zuzen ere. Gizonezkoen partida bat eta emakumezkoen beste bat jokatuko dira, eta hiruna pilotarik parte hartuko dute partida bakoitzean; izan ere, jokalarien artean ligaxka bat jokatuko da.
Soraluzeko partidaren garaileak finalerdietara igaroko dira eta finala urriaren 3an jokatuko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan.
Uztailaren 25ean, zapatua, jokatuko dira partidak, arratsaldeko 18:30etik aurrera, Arane kiroldegiko pilotalekuan.
Puntista ugari Soraluzen
Gipuzkoa, zesta-puntaren sorlekua, atzera ere pilota joko horren epizentro bilakatu nahi du Open Jai Alai proiektuak, eta probestu herriko hainbat puntistari gorazarre egiteko. Soraluzen izan baitziren, Gipuzkoako herri gehienetan bezalaxe, hainbat puntista; besteak beste, Alejandro Argarate, Julen Arana, Eugenio eta Ignacio Muniozguren, Modesto Arana, Loyola Iraeta edo Juan Antonio eta Sabino Elizburu.