LGTBIQ+ Harrotasunaren aldeko adierazpen instituzionala eta elkarretaratzeko deia

LGTBIQ+ Harrotasunaren aldeko adierazpen instituzionala eta elkarretaratzeko deia

2026/06/26
Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen instituzional adostua kaleratu dute LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan; domekan, ekainak 28, 13:00etan elkarretaratzeko deia egin die herritarrei.

LGTBIQ+ bizitzek balio dute

Maiatzaren 17an, LGTBIQ+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean adierazi genuena berresten dugu gaur ere, ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean. Harro gaudelako gure bizitzez, harro gure historiagatik eta harro LGTBIQ+ mugimenduak urte hauetan guztietan egindako borrokaz.

Harrotasuna ospakizuna da, baina baita memoria eta aldarrikapena ere. Stonewalletik Euskal Herrira eta Soraluzera, pertsona askoren konpromisoari esker lortu dira gaur egun ditugun eskubideak. Hala ere, ezin dugu ahaztu oraindik ere pertsona askok diskriminazioa, bazterketa eta indarkeria jasaten dituztela bakoitzaren sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik.

Eraso LGTBIQ+fobikoen datuek gora egiten jarraitzen dute. Armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako hainbat esparrutan, diskurtso patologizatzaile eta gorrotozkoak ugaritzen ari dira, eta komunikabide batzuetako estigmatizazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cishetero arautik kanpo dauden bizitzak zalantzan jarri eta ezabatu nahi dituzte. 

Gainera, ezin dugu ahaztu LGTBIQ+ pertsona guztiek ez dituztela errealitate berak bizi. Pertsona batzuek diskriminazio anitzak jasaten dituzte, sexu-orientazioa edo genero-identitatea beste zaurgarritasun egoera batzuekin gurutzatzen direnean; horregatik, ezinbestekoa da begirada intersekzionaletik jardutea.

Horren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa da nondik gatozen gogoratzea, lortutakoa defendatzea eta LGTBIQ+fobiarik gabeko herri baten alde lanean jarraitzea; pertsona guztiek askatasunez, duintasunez eta beldurrik gabe bizi ahal izango duten herri baten alde.

Kolektiboek eta norbanako askok urteetan egindako lanari esker lorpen handiak eskuratu dira. Baina lorpen horiek ez dira betiko bermatuta egongo, defendatzen ez baditugu. Horregatik, antolatzea, elkarlanean aritzea eta eskubideetan aurrera egiten jarraitzea ezinbestekoa da.

Gure kasuan, udal erakundetik politika publiko integralak eta iraunkorrak sustatzen jarraitu behar dugu, ikuspegi feministan eta giza eskubideen defentsan oinarrituta. Berdintasuna sustatuko duten zerbitzuak indartu, babes kolektiborako mekanismoak garatu eta aniztasuna udal-politika guztietan txertatzen jarraitu behar dugu. Sinbolismo hutsetik harago, egiturazko neurriak bultzatzeko garaia da.

Horregatik guztiagatik, Soraluzeko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Herriko LGTBIQ+ pertsonen errealitatea ezagutzen jarraitzea, haien beharrei erantzuteko politika publiko egokiak garatuz.
  • Herriko LGTBIQ+ pertsona, kolektibo eta erreferenteekin elkarlana sendotzea, haiekin batera etorkizuneko ekintza-planak eraikitzeko.
  • Berdintasuna, aniztasuna eta diskriminaziorik eza udal jarduera guztietan txertatzen jarraitzea, ikuspegi feminista eta intersekzionala oinarri hartuta.
  • Herriko espazio publiko, hezitzaile, kultural eta komunitarioak pertsona guztientzat seguruak eta inklusiboak izan daitezen lanean jarraitzea.
  • Sentsibilizazio, memoria eta ikusgarritasun ekimenak sustatzen jarraitzea, Soraluze askotarikoago eta bidezkoago baten alde.

Era berean, herritar guztiak animatu nahi ditugu ekainaren 28aren harira antolatutako ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzera, berdintasunaren, askatasunaren eta aniztasunaren aldeko konpromisoa erakutsiz. Ekainaren 28an, domekan, 13:00etan Plaza Barrixan egingo den kontzentrazioan partzeko hartzera animatu nahi ditugu herritar guztiak. 

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu LGTBIQ+ pertsonen eskubideen alde lanean ari diren kolektibo, elkarte eta norbanako guztiei. Bereziki, Soraluzen urte hauetan guztietan aniztasuna, askatasuna eta berdintasuna defendatu dituzten pertsona guztiei. Zuen lanari esker gure herria bidezkoagoa, irekiagoa eta bizigarriagoa da.

LGTBIQ+ bizitzek balio dutelako.
SoraluzetHarrok. Aske maitte, harro bizi!
Gora ekainaren 28a!