Arguedasko hilketa matxistaren aurrean gaitzespen irmoa eta elkarretaratzeko deia

Arguedasko hilketa matxistaren aurrean gaitzespen irmoa eta elkarretaratzeko deia

2026/05/20
Soraluzeko Udalak gogor salatzen eta gaitzesten du asteburuan, Arguedasen (Nafarroa) emakume bat erail izana. Beste behin, aldarrikatu nahi du emakumeen aurkako erasoak giza eskubideen urraketa larri eta onartezinak direla.

Foruzaingoak astelehen iluntzean eman zuen hilketaren berri: 43 urteko gizonezko batek 44 urteko emaztea hil zuen asteburuan, Arguedasen. Gizona Guardia Zibilaren Valtierrako kuartelera joan zen astelehenean, emaztea hil zuela esan zuen, eta haren hilotza etxean zegoela. Euskal Herriko aurtengo bosgarren hilketa matxista da Arguedaskoa.

2003tik, 140 emakume eta 13 ume hil dituzte gizonek Euskal Herrian. Datu larri hauek argi erakusten dute ez gaudela ekintza isolatu baten aurrean, egiturazko arazo baten aurrean baizik. Hori dela eta, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena erakusten du eta salaketa irmoa egiten du Arguedasko emakumearen hilketaren aurrean.
Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Udalak azpimarratu nahi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela agerian uzten, eta arazo horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturalean dagoela. Era berean, nabarmendu nahi du arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik. Horregatik, gizarteari dei egiten dio, bere osotasunean, berdintasunaren aldeko borrokan bat egitera eta elkarrekin jardutera.

Bukatzeko, Soraluzeko Udalak biktimaren senide eta lagunekiko elkartasuna azaldu nahi du, eta irmotasunez adierazten du lanean jarraituko duela berari dagokion eremuetan emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko pausoak emanez. Soraluzen ere indarkeria matxista desagerrarazteko bidea landuz jarraituko du; emakumeen ahalduntzean pausu sendoak emanez eta gure herrian gertatzen den eraso matxista oro salatuz; beti ere biktima zaintzea oinarri hartuta. 

Hori guztia dela eta, herritar denei dei egiten die bihar, eguena, maiatzaren 21ean, 19:00etan Plaza Barrixan egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

Indarkeria matxista pairatzen ari bazara edo zure inguruko norbait egoera horretan badago, hona hemen laguntzarako kontaktuak:

  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ):  900840111 (24 ordu/51 hizkuntza)
  • Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016
  • Udaltzaingoa: 943753024
  • Ertzaintza Bergara: 943534720
  • Larrialdiak: 112
  • Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943 75 00 56
  • Soraluzeko Berdintasun saila:berdintasuna@soraluze.eus